Udaleko eta mahaiko ordezkariak, gaur, Ekainberriko argazkiarekin apaindutako lokal baten aurrean
(Ane Olaizola)
Zestoako Udaleko Merkataritza eta Ostalaritzako Mahaiak herriko lokal hutsen erakusleihoak apaintzeko irudi lehiaketa abiatu zuen iaz, eta hura gauzatzen hasi dira orain. Eneko Aristi zestoarra da lehiaketako irabazlea, eta haren proiektua garatuko dute herriguneko bost lokaletan. Berak aurkeztutako irudiak jartzen hasi zen atzo udala eta, beraz, aurrerantzean zestoarrak eta Zestoan urtez urte antolatzen diren ekitaldietako «irudi ikusgarriak» ikusi ahal izango dituzte herritarrek.
Juanjo Allur Siadeko enpresako kideak eta Merkataritza eta Ostalaritzako Mahaiko aholkulariak aurreratu duenez, ez dituzte herriko argazki zaharrak jarriko, «atzera begiratzea baino, aurrera egitea lortu nahi baita». Besteak beste, herriko jaietako, danborradako, Zoro Peri Eguneko, Herri Kroseko, Ekaindarren Eguneko eta Santa Eskeko argazkiekin apainduko dituzte itxitako saltokiak. Udalaren arabera, «herri merkataritza eta ostalaritzak behar dituen irudiaren erakusle» dira argazki horiek, Zestoa «herri bizia» dela erakutsi nahian. «Zestoarrek sutsuki bizi dituzten momentuen argazkiak kaleko erakusleihoetan jarrita, Zestoako kaleei bizia emateko beste egitasmo bat izatea lortu nahi da», esan dute. Lekuz aldatu daitezkeen panelak jartzen ari dira atzo goizetik; hala, lokal bat itxi edo irekitzen denean, batetik kendu eta bestean jartzeko aukera izango dute.
Itxita dauden merkataritza guneei bizia eman eta, beraz, merkataritza sustatu nahi dute. «Herritarrek Zestoan bertan kontsumitu dezatela nahi dugu, eta honek horretan lagundu dezake. Jendeak kontzientzia izatea beharrezkoa da; bertan erosiz gero, herriak eskaintza gehiago izango duelako», adierazi du Ruben Alberdi jarduneko alkateak. Zestoako Udaleko Merkataritza eta Ostalaritza Mahaiak bultzatu du egitasmoa, eta udalak finantzatu du. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren diru laguntza jaso dute.
Itxitako lokalik gabe
Ideia lehiaketa hau antolatu baino lehen, herrigunean hutsik dauden merkataritza lokalen errolda bat egin zuen udalak, eta jakinarazi dutenez, hogei lokal huts baino gehiago zenbatu zituzten. Horien kokapenaren eta beste hainbat irizpideen arabera, «lehentasun handiena zutenak» aukeratu zituzten, eta ondoren abiatu zuten ideia lehiaketa hau. Orain, azken urratsa gauzatuko dute.
Dena den, lokalak apaintzeaz haratago, azpimarratu dute azken helburua lokal guztiak irekita egotea lortzea dela. «Herrigunean ahalik eta zerbitzu gehien eskaintzea eta ahal den neurrian lanpostuei eutsi eta berriak sortzea da helburua». Norabide horretan lan egingo dutela hitz eman dute, eta aurten beste pauso batzuk emango dituztela aurreratu; «ikusten dugu erabili gabeko lokal ugari daudela, hainbat zerbitzu falta direla eta jarduera berriak martxan jartzeko iniziatiba duten pertsonak egon daitezkeela».
Udalak hainbat ekintza egin ditu azken urtean, herriko lokal hutsek beste erabilera bat izan dezaten: ideia lehiaketa prestatu eta erakusleihoak apaintzeaz gain, itxitako lokalak ekintzaileei uzteko egitasmo bat abiatu zuen udalak azaroan, merkataritza eta ekintzailetasuna sustatzeko asmoz.