Udalak 12.144.760 euroko aurrekontua onartu du, iaz baino %0,63 gutxiago. EAJk eta PSEk kontra bozkatu zuten osteguneko plenoan, epe luzera aurrekontuen egitura bera eutsiezina delakoan. Udal Gobernuak azaldu duenez, gastu arrunta murrizteko ahalegina egin da berriro, baina herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu garrantzitsuenak bermatuz. Orain arte defenditu duen bidetik, aurten ere enplegu publikoa sustatzearen alde egin du Udal Gobernuak, “azpikontratazioen ordez”. Horrela, bi peoi eta bi ofizial kontratatuko dira brigadarako; udaltzain bat gehiago izango da zortzi hilabetez; arkitekto teknikoaren lanaldia %30 handituko da; eta Ludotekako bi langileen lanaldia %10 handituko da. Inbertsioen atalean igoera nabarmena aurreikusi da iazko aurrekontuekin alderatuta, %38 gehiago. Atal honen barruan, 410.000 gorde dira beheko plaza berritzeko, 150.000 euro frontoi berriaren urbanizazioaren lehen faserako, 60.000 euro baratze publikoentzako, 105.000 euro Narruondo auzora hainbat zerbitzu eramateko eta 75.000 euro San Jose proiekturako, besteak beste. Gastuen artean azpimarratzekoa da Udalak 510.000 euroko ekarpena egingo diola Zumaia Lantzeni, dauzkan zorren gaineko interesak ordaindu ahal izateko. Oso larria da Zumaia Lantzenen egoera finantzieroa, eta behin betirako erabaki bat hartu bitartean bi neurri aurreratu ditu Udalak. Lehenik eta behin, likidezia arazoak leuntzeko, Odietako etxebizitzak tasatuen prezioan jarriko dira salgai, salmenta errazteko. Bestetik, demanda bat sartu da Torreagako sustatzailearen kontra, Zumaia Lantzenekin daukan [...]