Martuteneko presoek tren geltoki zaharra eraberritu dute

Ane Olaizola 2013ko abenduaren 12a

Irudian, Erkoreka, Alberdi, Garitano eta Agirre, atzo, Zestoan
(Ane Olaizola) Euskal Herrian lehenengo aldiz, kultur ondarearen zaharberritzea eta presoen formakuntza eta integrazioa uztartzen dituen egitasmo pilotua egin dute Zestoan. Aranzadi Zientzia Elkarteak Martuteneko espetxeko presoentzako programa pilotua. Gizarteratzeko euskal ondare kulturala programa jarri du martxan, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Zestoako Udalarekin lankidetzan finantziatuta, eta hainbat erakunderekin elkarlanean. Programaren bidez Martutene espetxeko hamabost presok Zestoako bainuetxe alboko tren geltoki zaharra eraberritu dute lau astetan. Eraikinaren teilatua, etxaurrea eta ingurua konpondu dituzte. Lanak amaituta, beste hainbat jarduera izango dituzte horiek. Hala nola, giza eskubideei, genero berdintasunari eta Euskal Herriko kulturari buruzko lau eskola teoriko jasoko dituzte egitasmoan parte hartu dutenek. Ondoren, zigorra amaitzen zaienean lanerako baliagarria izango zaien titulua eskuratuko dute. Egitasmoaren helburu nagusia presoei gizarteratzea eta laneratzea erraztea da, eta horretarako eskaini diete prestakuntza eta lan-esperientzia. «Kartzeletako zerbitzuak eta gizarteratze programak hobetu» nahi dituzte estraineko aldiz egin duten egitasmoaren bidez. Honekin batera, espetxeek presoen gizarteratzean duten zeregina «duin» egitea dute helburu. Proiektuarekin, gainera, aurrera begira erakundeen artean gaiaren inguruan lankidetza-dinamika sortzeko asmoa dute. Era berean, eraikin «enblematiko» multzoa zaindu nahi dute. Donostiako espetxean bigarren graduan dauden 15 presok hartu dute parte egitasmoan, eta Aranzadiko teknikariak kartzelako hezitzaileekin harremanetan izan dira lanek iraun duten bitartean, «esperientzia behar bezala» garatzeko. Era berean, kriminologia ikasketak egiten ari diren lau ikaslek ere parte hartu dute lanetan, eta prozesuaren jarraipena egin dute horiek. Besteak beste, kartzelako bizipenak eta etorkizuneko erronkak partekatu dituzte presoek ikasleekin. Programak 25.327,78 euroko kostua izango du, eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arantzadi Zientzia Elkarteak finantziatuko du. Espetxeaz gain, Kriminologiaren Euskal Institutuak, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak, EHUko Arkitektura Eskolak eta Ekain Fundazioak lagundu dute proiektuan. Azken honek emango ditu eskola teorikoak. Geltokian aurkeztu zuten egitasmoa atzo Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburu den Josu Erkorekak, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok eta Zestoako jarduneko alkate Ruben Alberdik. «Urrats garrantzitsua» Tren geltoki zaharraren bueltan bisita egin ondoren, prentsaurrekoa eskaini zuten Alberdik, Agirrek, Erkorekak eta Garitanok. Alberdik nabarmendu zuen halako egistamoak «aurrerapausoa» behar duela izan, presoen gizarteratzea «praktikan» jartzen duelako. Hala, proiektuak jarraipena izan dezan eskatu zuen alkateordeak, halako saioak «beharrezkoak» direlako gizartean. «Eskerrak eman behar dizkiegu presoei, haiek direlako lanean jardun dutenak». Hain zuzen, Agirrek adierazi du Aranzadiren asmoa dela hurrengo urteetan ere gisa honetako egitasmoekin jarraitzea. Elkarteak «urrats garrantzitsua» egin duelakoan da hango idazkaria, lehenengo aldiz presoekin lan egiten ari direlako. «Gogoeta egin dugu, eta hutsune bat bete nahi izan dugu. Presoekin zerbait egin nahi genuen, eta kultur ondarea tresna ona da gizarteratzeko prozesuan pausoak emateko». Erkorekak espetxe politiken eta gizarteratzearen inguruko irakurketa egin zuen, eta adierazi zuen espetxe zigorrek «oztopo gaindiezinak» sortzen dituztela presoen gizarteratzean. Hala, egitasmoaren garrantzia nabarmendu zuen sailburuak: «Presoen autonomia erraztuko duten prestakuntza, hezkuntza eta laneko jarduerak sustatzea da bide bakarra pertsona horiek gizartera daitezen». Gogoratu zuen Europako Legebiltzarrak duela bi urte presoen gizarteratzearen inguruan erabakitakoarekin bat datorrela egitasmoa. Honen arabera, parlamentuak adierazi zuen nahitaezkoa dela «presoei baldintza duinak eskaintzea gizarteratzeko prest egon daitezen planak egitea, horrela nabarmen gutxitzen baitira berriro delitua egiteko aukerak». Hala, «hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea» dela esan zuen. Garitanok, bere aldetik, Zestoako proiektuak «onura bikoitza» duela nabarmendu zuen, presoak gizarteratzen laguntzeaz gain, Gipuzkoako ondare historikoa eta arkitektonikoa osatzen duten eraikin multzo «enblematikoa» berreskuratu dutelako. Egitasmoaren balio etikoak eta sozialak goraipatu zituen ahaldun nagusiak, «hori baita garrantzitsuena». «Elkarlana, elkartasuna, tokian tokiko eragileen parte hartzea, kulturaren bidez gizartea kohesionatzea». Ohiko bideetatik irten eta gauzak «beste modu batera» egin daitezkeelakoan da Garitano, «gizartearen beharrei erantzuteko». Proiektua «Gipuzkoako ondarearen bihotzean» egin dutela adierazi zuen, ondoan baitaude, besteak beste, Lili jauregia, Ekainberri museoa edota Idiakaitz aztarnategia. Hain zuzen, tren geltoki zaharra berreskuratzeak Ekainberrirekin hasitako proiektua «osatzen» duela esan zuen. Aranzadiko idazkariak, berriz, jakinarazi zuen Idiakaitz aztarnategiko ibilbidearekin lotuko dutela geltokia. Aztarnategiaren ondarea museo eta interpretazio zentro baten bidez plazaratzeko asmoa dute, eta horretarako gunea izango da eraberritutako geltokia. «Interpetazio zentro txikia izango da, ekonomikoki jasangarria».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide