Euskal Herrian Euskaraz taldeak eta Zarauzko EHEk igandean egingo duten mosaiko erraldoian parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Espainiako abokatuak hizkuntza irizpideen harira Zarauzko Udalari eta beste hamarnari helegitea jarri izana salatzea eta eta horiei babesa eskaintzea da ekintza horren helburua. «Argi eta garbi esan behar dugu euskarari lehentasuna emanez, berreuskalduntze prozesua helburutzat izango duen hizkuntza politika behar dugula, hori inongo kanpo esku hartzerik gabe Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea daukagula», nabarmendu du Nestor Esteban EHEko kideak. «Gure nahiak guztiz zilegir dira», gaineratu du Zarauzko EHEko kide Araitz Urtiagak: «Munduko beste edozein herritar bezala bizi nahi dugu, gure hizkuntzan. Bada garaia euskarak merezi duen estatusa izan dezan. Bada garaia gure hizkuntzan lasaitasun osoz bizi gaitezen». «Guztion artean lortuko dugu euskaraz biziko den herria berreraikitzea», esan dute.
Hori dela eta, 11:00etan elkartuko dira Munoan , ondoren hondartzan mosaiko erraldoia irudikatzeko. Behin hori amaituta, kalejiran udaletxe aurrera joan eta mokadutxoa banatuko diete parte-hartzaileei.
Ekimena «eraikitzailea» izatea nahi duten arren, «eraso bati eman beharreko erantzuna» dela adierazi du Estebanek. Eta euskaldunek udalekin izan nahi duten harremanaren inguruan bide bat zabaltzen ari direla jakinarazi du. Zentzu horretan tresnak jarriko dituzte herritarren eskura, udalarekin harremanak euskaraz izan daitezen. Datozen asteotan aurkeztuko dute bide hori.