Zestoako bainuetxeko langileek lau egunez greba egingo dute

Zestoako Hitza 2013ko ira. 30a, 11:16

Bainuetxeko langileek elkarretaratzea egin zuten larunbatean
(Ane Olaizola) Zestoako bainuetxeko langileek greba eguna dute gaur, zuzendaritzak hartu dituen neurri "larriak" salatzeko. Larunbatean, gainera, aldi baterako kaleratzeak hasi zituen zuzendaritzak, bainuetxean " lan jarduera" hasi bitartean.Lau egunetan egingo dute greba hango beharginek; gaur, bihar, urriaren 8an eta urriaren 9an. Halaber, gaur elkarretaratzea egingo dute, 18:00etan, bainuetxe aurrean, eta herritarrei dei egin die bertaratu daitezen. Bainuetxea kudeatzen duen Tres Mares enpresak martxan jarri duen enpresa hitzarmena "onartezina" dela azpimarratu dute langileek; hango 60 beharginei %25 murriztu diete soldata, eta urtean 75 ordu gehiago lan egin beharko dute; "luzapen honek lan egindako ordu bakoitzaren balioa %4,5 jaisten du", adierazi du enpresa batzordeak. Antzinatasuna ere "gogor" murriztu dute, hamar hirurtekotik bi hirurtekora jaitsi baitie. Ezarritako neurrien bidez langileei sarrerak %45 jaitsiko dizkiela salatu dute. Enpresa batzordearen arabera, ordea, bainuetxeak irabaziak izan ditu azken urteetan, "kontu ikuskapenek hala baieztatu dutenez". "Zuzendaritzaren nahia da diru gehiago irabaztea, eta horretarako lan erreformaz baliatzen dira", egotzi die langileek. Hartutako neurriak "onartezinak" direla adierazi dute, eta negoziatzeko prest daudela berretsi dute. Tres Mares enpresak Kantabrian (Espainia) du egoitza nagusia, eta Zestoako bainuetxeko langileak bihar dira hara joatekoa. Aurreratu dutenez, "gogor borrokatzeko prest" dira langileak.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide