Goian EAJko, Aralarreko, Bilduko eta PSE-EEko zinegotziak. Behean, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Uemako eta udaleko ordezkariak, gaur goizean. (Amaia Ventas/Hitza)
Zarauzko Udala euskara hutsean ariko da herritarrekin irailaren 24tik aurrera. Otsailaren 27ko Osoko Bilkuran onartu zituen Udalbatzak hizkuntza irizpide berriak, babes politiko zabalarekin—PP abstenitu egin zen, eta gainontzeko alderdiek alde bozkatu zuten—. Hori udalaren hizkuntza politika eguneratu eta zehazteko «pauso garrantzitsua» izan da, eta «aldaketa nabarmenak» ekarriko dituela adierazi du Euskara zinegotzi Gari Berasaluzek. «Zarautzen euskaldunak bigarren mailako herritar sentitu izan gara askotan. Sarritan zaila izan da euskaraz jardutea, nahiz eta hala bizi nahi dugula aldarrikatu. Lehen euskaldunek eskatu behar izaten zuten euskara hutsean aritu ahal izatea udalarekin; orain gaztelaniaz aritu nahi duenek egin beharko dute eskaera».
Hori da, hain zuzen, aldaketa nagusia. Ildo horretatik, aurrerantzean udala ahoz zein idatziz euskara hutsean komunikatuko da zarauztarrekin. Hala, herritarrek euskaraz jasoko dituzte agiriak, eta kartelak, esku orriak eta bestelako jakinarazpenak ere hizkuntza horretan jarriko dituzte.
Udal langileak ere euskaraz harremanduko dira herritarrekin . Horiek lehen hitza euskaraz egingo diete udaletxera beratartzen direnei, eta udalak antolatuko ekitaldi publikoetan ere euskaraz ariko dira, baita herritarrekin egiten dituzten bileretan ere. Erakundeak bitartekoak jarriko ditu langileek euskaraz lan egiteko beharrezko tresnak izan ditzaten; formazio zein trebakuntza saioak eta baliabide informatikoak eskainiko dizkie, besteak beste.
Horrez gain, hizkuntza irizpide berrien arabera moldatuko dituzte aplikazio informatiboak, Internet eta intranet sareak, udalaren argitalpenak, herriko hizkuntza paisaia, iragarki eta publizitate kanpainak, diru laguntzak emateko irizpideak eta kontratazio administratiboak, besteak beste. Hain zuzen, kontratazioa egin aurretik ziurtatu egingo da delako enpresa edo norbanakoa zerbitzua euskaraz emateko gai den.
Gaztelaniaz egiteko, eskatu
Herritar ororen hizkuntza eskubideak berma daitezen, gaztelaniaz aritu nahi dutenek berariaz eskatu beharko dute hori. Hala, errolda berezi bat sortuko dute herritarrek agiriak ele bitan jaso ditzaten. Eskaera egiteko hainbat bide egongo da. Batetik,
zuzarautz.info webgunean
sabemos castellano banner-ean klikatu eta formularioa bete beharko dute. Bestetik, Euskara Zerbitzura jo edota deitu ahalko da, 943-00 51 16 telefonora. Era berean, euskaraz@zarautz.org helbide elektronikora idatz daiteke.
Zarautz «gaitasunez eta erabileraz» euskalduna dela nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxaburuak. Zehazki herritarren %70 dira euskaldunak. Hala ere, udalak euskaraz «hain erraz moldatzen» ez direnengan ere fokua jarri duela gogoratu du. «Hartutako neurri berria eragingarria izango da horientzat». «Nahiko gaitasun» ez dutenak euskaraz bizitzera animatu ditu. Era berean, udalak Aldundia bidelagun izango duela esan du. «Instituziooi dagokigun hizkuntzaren ofizialtasuana bermatu eta bultzatzea, herritarrentzat eredugarri izanez, Zarauzko Udalak egin duen antzera».
Horrez gain, Uemak ere lagunduko du udala. Zarauzko Udalak hartutako erabakia «izugarrizko aurrerapausoa» izan dela dio Maren Belastegik. «Orain arte euskaldunak askotan bigarren mailako herritar sentitu dira. Aurrerantzean, gainontzekoen plano berean egongo dira».
Udalak hizkuntza eskubidearen alde emandako pausoetako bat da honakoa. Bide horretan hainbat lan egin du azken urteotan: 2012ko martxoaren 28ko plenoan Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten beste udalerriekin batera hizkuntza politika jakin baterako irizpide orokorrak onartu zituen eta 2013ko urtarrilaren 24koan Ueman sartzea erabaki zuen.