Aurrerantzean Zarauzko Udalak antolatuko du Kalerki antzerki topaketa

Aritz Mutiozabal 2013ko uztailaren 9a

Kalerki jaialdiaren aurkezpena (Aritz Mutiozabal) Kalerki Nazioarteko Kale Antzerki Topaketaren XX. aldia izango da aurtengoa, eta aurten ere egitarau osoa prestatu dute, etzitik larunbatera arte. Urteetan Alproja kultur taldeak arduratu da antolakuntzaz, baina aurrerantzean Udalak hartuko du ardura hori. "Aurten bada aldaketarik. Alproja antolatzaile eta Udala laguntzaile izatetik, Udala antolatzaile eta Alproja laguntzaile izatera pasako gara", albistearen berri eman du Zarauzko Udaleko kultura zinegotzi Gari Berasaluzek. "Udalaren izenean esker nahi nuke 19 urte hauetan Alprojak egin duen lana kalerki antolatzen, Zarautz kulturaz eta antzerkiz betetzen, eta Zarauzko udako egun hauei bizia eta kolorea ematen". Lekukoa pasata ere, haien laguntzarik gabe "herren" ibiliko liratekeela nabarmendu nahi izan du kultura zinegotziak. Alproja kultur talde kide Ainhoa Alberdik lekukoa emateaz gain, "agurra" ematen dutela adierazi du. 1994an abiatu zuten Kalerki eta garai haietatik hona kale-antzerkiaren festa "asko garatu" da. "Urteetako lanari esker, jaialdia handitu egin da, eta denbora pasatu ahala, Kalerkiren antolakuntzan Udalak gero eta gehiago hartu du parte. Kalerkiren kudeaketa lanak beste dimentsio bat hartu du. Lehen taldeak bere kasa aurrera ateratzen zuena, Udalarekin partekatu edo Udalak kudeatu zezan zain egon beharrean aurkitu gara: taldeen kontratuak alkateak sinatzea eta ordainketak Udalak zuzenean egitea, besteak beste". Ikuskizunen kontratazio baldintzak konplikatu egin zaizkiela eta, programazioa antolatzera pasatu direla dio Alberdik. Hori horrela, Udala bera jaialdia antolatzeko gai badela ikusi dute. "Gauza guztiak hasi eta bukatu egiten direnez, aurtengoarekin Kalerkin bi hamarkada hauetan egindako lana amaitutzat ematea erabaki dugu". Edonola ere, aurtengo programazioa Alprojak berak antolatu du. Izan ere, " hori da agurtzeko gure modurik onena". Horrekin batera, proiektu sendo bat uzten dute Udalaren esku eta aurrerantzean ere hala izaten jarrai dadin gustatuko litzaieke. Bien bitartean, herrian antzerki zaletasuna bultzatzen jarraituko dutela gaineratu du, eta aukera suertatzen den guztietan "alprojakeriak egiten". Alprojak herritarrei eskerrak emanez biribildu du agurra. "Urte hauetn guztietan kaleak eta plazak bete dituzte, eta urtero-urtero benetako babesa izan dugula sentituarazi digute. Kalerkizale mila esker benetan, egindako lan guztiari zentzua eman diozulako". Etzitik aurrera ere ez da ikuslerik faltako antolatu dituzten hamar ikuskizunetan; aurten 40.000 euro inguru bideratu dira jaialdira. Hona hemen egitaraua:   EGITARAUA Uztailak 11, etzi - 18:00etan. Alproja taldearen Eta zoriontsu izan ziren, Lege Zaharren enparantzatik abiatuta. Kalerkiren hasiera ekitaldia. - 19:00etan. Organik taldearen Carneros, Lege Zaharren enparantzan. - 19:30ean. Deabru Beltzak taldearen Drumbeak, Lege Zaharren enparantzan. - 21:00etan. Ameztu Produkzioak etxearen Anplag, Zigordia kalean; euria egingo balu, Gaztelekuan. Uztailak 12, ostirala - 19:00etan. Xip-Xap Teatreren Rum-Rum Trasto-Karts kale ikuskizuna, Malekoian. - 20:30ean. Trapu Zaharrak konpainiaren Gezurtiak lana, Lege Zaharren enparantzan. - 23:00etan. Vaiven Circo taldearen Do not disturb, Munoa plazan; euria egingo balu, Aritzbatalde kiroldegian. Uztailak 13, larunbata - 19:00etan. Pez Limbo konpainiaren Lana, Lege Zaharren enparantzan. - 20:30ean. Nacho Vila Producciones etxearen Typical, Zigordia kalea eta Musika Plaza artean. - 23:00etan. Hortzmuga Teatroren Ni han izan nintzen eta... ez zuten nik ikusitako kontatu, Munoa plazan; euria egingo

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide