Euskara Aholku Batzordeko kideak, aurkezpenean.
Zarauzko Udalaren Euskara Aholku Batzordea aurkeztu berri dute. Pasa den otsailean abiatu zuten, herrian euskaraz bizi nahi dutenen eskubideak bermatzeko helburuarekin. Besteak beste, udal zerbitzuetan zein beste hainbat alorretan euskararen erabilera normalizatzeko jardungo dute lanean. Hauexek izango dira eginkizunak: udalari Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egokitzen laguntzea, hau da, udalerriko plan estrategikoa egiteko aholkuak ematea; plan estrategikoa onartu ondoren, hori garatzeko urteko kudeaketa planen jarraipena egitea eta udalak Zarautzen euskararen erabilera normalizatzeko lanekin zerikusia duten gaiak aztertu eta proposatzea.
"Aholku batzorde bat baino askoz gehiago da. Batzordean erabakitzen dena aurrera eramateko konpromisoa hartu du udalak", azaldu du Euskara zinegotzi Gari Berasaluzek. Horretarako hainbat bidelagun izango du udalak: oposizioko kideak, Udalaren eta AEK euskaltegia, ZKE, Zarautz Triatloi Taldea, Euskal Herrian Euskaraz, Zurekin eta Murkil elkarteak, herriko ikastatxeak, Urola Kostako Hitza egunkaria, Erlo telebista eta bi herritar aditu.
Otsailean egin zuten lehenbiziko bilera eta bertan lanerako ildoak zehaztu zituzten. Batzorde iraunkorrak (Euskara zinegotzia), Batzorde osoak eta hiru azpibatzordek osatzen dute. Hiru azpibatzordeak betebehar bana izango dute. Lehenbizikoa zerbitzu publikoetan zentratuko da, udala eta bere erakunde publikotan, hain zuzen. Bigarrenak, berriz, hirugarren sektorean—ostalaritza, merkataritza, aholkularitza zerbitzuak...— egingo du lan eta hirugarrenak haur eta gazteen euskararen erabileran.