Kale garbitzaileen kaleratzeen gaineko epaia ELAren aldekoa izan da

Ane Olaizola 2013ko ekainaren 7a

ELAko ordezkariak, atzo, Zestoako udaletxe aurrean
(Ane Olaizola) Donostiako lan arloko epaitegiak ELAri eman dio arrazoia, Zestoako kale garbitzaileen kaleratzeen inguruan. Kaleratutako bi garbitzaileen subrogarazioaren gaineko ardura Zestoako Udalak zuela ebatzi du auzitegiak, eta kaleratzeak «bidegabekotzat» jo ditu. Serbitzu enpresa absolbitu egin du. Zestoako Udalak kale garbiketa zerbitzua kudeatzen duen Serbitzu enpresarekin zuen kontratua ez berritzea erabaki zuen aurreko urtearen amaieran. Zerbitzu publikoak «ahal den neurrian» bere gain hartzea erabaki zuen udalak, eta lan poltsa bat osatzen hasi zen horretarako. Ondorioz, zeregin hori zuten bi langile kalean geratu ziren urtarrilaren 1ean. Horren aurrean, Serbitzu enpresa eta udala salatu zituen ELAk. Epaileak sindikatuari eman dio arrazoia, eta langileen «ardura» udalak duela ebatzi du. Hori hala, hiru aukera ditu udalak, epaiaren arabera: batetik, kaleratutako langileak berriro baldintza berberekin hartzea; kaleratutakoei 29.553.71 euro eta 11.014,20 euroko kalte ordainak ematea, eta kaleratu zituztenetik gaur egunerainoko soldatak ematea; edo helegitea aurkeztea. Helegitea martxan Zestoako Udalak UROLA KOSTAKO HITZA-ri adierazi dio helegitea aurkezteko prozedura abiatu duela. «Ulertezina da langileen eskubideak defendatzen dituen sindikatu batek enpresa pribatuetan nahierara aukeratutako pertsonak udalak hartu behar dituela eskatzea», adierazi du Zestoako alkateorde eta Zerbitzu Orokorren zinegotzi Ruben Alberdik. Izan ere, udalak gogoratu du lan poltsa bat abiarazi zuela horretarako, eta hala eginez gero udalak «gainontzeko herritarren eskubideak» urratuko lituzkeela nabarmendu du. «Langile horiek eskubideak dituzte, noski, baina dagokion enpresan aldarrikatu behar dituzte eskubideok. Kasu honetan, Serbitzun». Udala baikor da helegitearekiko, eta epaileak azkenean arrazoia emango diola uste du. «Azkoitian antzeko auzia gertatu da, eta azkenean epaia udalaren aldekoa izan da», berretsi du Alberdik.
Atzo goizean ELAko hainbat ordezkari Zestoako udaletxe aurrean elkartu ziren, kaleratuak euren lanpostura lema hartuta. Subrogazio eskubidea aldarrikatu zuten beste behin, langileei «egonkortasuna» ematen dielakoan. Horrez gain, hautua «onar» dezatela eskatu die udalari eta LABi: «Udalak ez du ezer onartu, itxura ere ez du gorde, eta, dirudienez, langileek erantzunik ere ez zutela merezi erabaki zuen».
Horrez gain, gogoratu dute udalak garbitzaileen gainean hartu zuen erabakia bertan behera uzteko eskatuz idatzi bat erregistratu zutela abenduan udaletxean, ordezkariek udalbatzarrean jorra zezaten. Era berean, langileekin «kaleratze traumatikorik gabeko irtenbideak» adostu zitzatela eskatu zioten orduan, baina, sindikatuaren arabera, «udalak ez du halakorik egin».
ELAk abenduan jakinarazi zuen bide judizialari helduko ziola erabakiaren aurka egiteko, eta haren ondotik Zestoako Udaleko LABeko sail sindikalak idatzi bat kaleratu zuen ELAren jarrera salatzeko. Horren harira, atzoko agerraldian adierazi zuten esandakoak «zuzendu» beharko dituela LABek. «Abenduan egin genuen elkarretaratzea sindikalista profesionalen baten xelebre- keria izan zen LABentzat, eta ka- leratzeekin kezkatuta dauden garbitzaileak ELAko parakaidistak zirela eta sindikatuak Serbitzu enpresarekin morrontza lotsagarria duela esan zuen. Ez da posible LABek horrelakoak esatea. Morrontzak beste leku batean daude, ez ELAn».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide