Orioko Berdintasun Planak 13 helburu eta 53 proposamen zehatz biltzen ditu

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko apirilaren 12a

Orioko osteguneroko azokan, emakumeak erosketetan eta gizonezkoak berriketan (Aiora Larrañaga/Hitza) Asteazken arratsaldean Orioko Udalak Orioko Berdintasun Plana aurkeztu zuen jendaurrean. Horri jarraituta, datozen urteetan gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko aurrerapausoak eman nahi ditu udalak. «Orain arte martxoaren 8a edo azaroaren 25a iristen zirenean gogoratzen ginen gizon eta emakumeen arteko parekidetasunaz. Udalak argi ikusi zuen Orioko gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko urtean zehar lanketa egin beharra zegoela, eta horregatik sortu dugu Berdintasun Plana. Aurrerantzean abiapuntua eta gida izango da», azaldu zuen Ongizate zinegotzi Miriam Urangak. Berdintasun Planak 13 helburu eta 53 neurri zehatz biltzen ditu, eta udalaren helburua 2013 eta 2016 urteen artean betetzea da. «Plana dinamikoa izango da. Hau da, helburuak betetzen diren heinean erronka berriak identifikatuko ditugula uste dugu. Ez dugu armairuan hautsa hartzen geratuko den plana izan dadin nahi», zehaztu du Urangak. Planaren lan ildoak Plana osatzerako orduan Euskal Autonomia Erkidegoan berdintasunerako politikek ezartzen dituzten 4 ardatz estrategikoak hartu dituzte kontuan. «Alde batetik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako gobernantza; bestetik, emakumeen ahalduntzea eta balioen aldaketa; gizarte antolakuntza erantzukidea eta emakumeen aurkako indarkeria». Horiek kontuan hartuta, hainbat lan ildo zehaztu dituzte. «Udaleko kudeaketan genero ikuspegia txertatzeko udala ahaldunduko da. Horretarako teknikariak, langileak eta politikariak prestatuko ditugu. Hizkuntza eta komunikazioaren erabilera egokituz, hura berdintasunez erabil dadin lortu nahi dugu. Eta gida eta tresnak sortuz kudeaketa administratiboan genero ikuspegia txertatuko da». Bestetik, hezkuntza eragileen artean hezkidetzan oinarritutako filosofia sustatuko da. Ipuin kontaketak, eta jolas eta ekintza ez sexistak antolatuko dira udalerriko neska-mutilentzat eta gurasoentzat. Genero indarkeriari dagokionean, indarkeriaren biktima diren emakumeentzat Arretarako Tokiko Protokoloa sortzeko lehen urratsak egingo dira. Gainera, sentsibilizazio kanpainak antolatuko dira. Baita adin eta jatorri guztietako emakumeei zuzendutako jabekuntzaren inguruko ekimenak ere. Herritarren batzordea Orioko Berdintasun Plana osatzeaz gain, udalaren asmoa herrian gizon eta emakumeen arteko parekidetasunaren gaia landu eta hausnartuko duen taldea sortzea da, gaiarekin interesa duten eragile eta herritarrez osatua. «Urtean zehar genero ikuspegia lantzeko ekimenak antolatu nahi ditugu, eta horretarako oso garrantzitsua da herritarrek parte hartzea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide