Hondakinen Mahaia osatuko dute Zarautzen, bilketa sistema zehazteko

Urola Kostako Hitza 2013ko otsailaren 6a

"Hondakinak eztabaida iturri izan dira legegintzaldi honetan, eta poztu egiten gara eztabaida horrekin", dio Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik: "Gobernu honek ulertzen du hondakinen arazoaren aurrean herritarrek sentsibilizazio eta kontzientziazioan aurrera egiteko borondatea dutela, eta horien trataera desegokiak dituen ondorio zibiko, ekonomiko eta ekologikoak gutxitzeko aurrera nola egin  eztabaidatzea interesgarria eta eraikitzailea da, ondorioz". Horretarako, batzorde mixtoa deitu du Zarauzko Udalak. Alderdi politikoek, Zero Zabor taldeak, Birziklapena bai, atez atekoa ez plataformak, merkatariek, ostalariek, auzo elkarteek eta Arkamurka natur taldeak osatuko dute batzorde hori. Udaleko Ingurumen eta Herrilan sailetako teknikariek emango diete haiei sostengu teknikoa. Izan ere, 2012ko maiatzeko plenoan gehiengoz onartutako ordenantza betetzea izango du biltzar horrek helburu: 2014. urterako hondakinen bilketa tasa gutxienez %70 izatea. Horrekin batera, berrerabilpena eta birziklapena indartzea eta hondakinak are gehiago murriztea izango du xede. Hori egin ahal izateko, bilketa ereduen azterketa egingo du Hondakinen Mahaiak. "Udal Gobernuak ez du bilketa sistemarik lehenetsiko. Hala ere, bere zereginen artean izango du beharrezko azterketak egitea, aipatu helburuak lortze aldera", azaldu du Illarramendik. Zentzu horretan, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetza hitzarmena sinatzeko prest dago, osatuko den mahaian kanpo agente gisa parte hartu eta beharrezko azterketa edota moldaketa  teknikoak gara ditzan, zerbitzua hobetzeko eta bermatzeko. Ekonomikoki eta teknikoki bideragarria Mahai horrek bilketa eredu jakin bat proposatuko du adostasun zabalez. Sistema horrek zehaztutako helburuak bete beharko ditu eta ekonomikoki bideragarria izan beharko du. Era berean, sistemaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa izan beharko dute parte-hartzaileek kontuan, baita herritarren erosotasuna eta  baita  ahalik eta eragile gehienen adostasuna ere. Behin eredua adostuta, herritarrekin partekatuko dute, parte hartze prozesu baten bitartez. Ondoren, moldaketa fasea etorriko da. Bitartean, hondakinen inguruko batzorde mixtoak bilketaren jarraipen lana egingo du, herritarrei uneoro zerbitzu egokia ematen zaien bermatzeko. Horretarako, herritarrei eta eragileei orain arteko jarrera aktiboa izateko eskatu diete Udal Gobernuko kideek, eta alderdiei ekarpenak egiteko borondatea, "guztien artean adosteko nola lortu hondakinen bilketa ekologiko, ekonomiko eta zibikoago bat". 2014ean Urteta ixteko bidean Bilduk 2011eko maiatzean kargua hartu zuenetik,bosgarren edukiontziaren hedatzearen aldeko apusta egin duela gogoratu du Illarramendik: "Egun, guztira 6.308 familiak daude izen emanda hondakin organikoa bereizteko programan, eta benetan txalogarria iruditzen zaigu jarrera arduratsu hori. Hala ere, datuek gora egin arren, urrun gaude 2012ko plenoan hitzartutakoarekin, 2014rako gutxienez bilketa berezitu tasa %70 izatetik, alegia". "Mahai honen bidez zera lortu nahi dugu: lankidetza, elkarlaguntza, konpromisoa eta borondateen bat egitea. Hondakin gutxiago sortzea, hauek berrerabiltzea edo birziklatzea herritarren lorpena da. Hori modurik eroso, koordinatu, merke eta adostuenean egitea dugu helburu", nabarmendu du alkateak. Bide batez, 2014. urtean Urtetako zabortegia ixteko urratsak emango dituztela gaineratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide