Jon Maia bertsolaria izendatu dute Donostia 2016 ekimeneko aholkulari

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko azaroaren 28a

[caption id="attachment_52420" align="alignleft" width="248" caption="Jon Maia bertsolari zumaiarra izango da Donostia 2016 ekimeneko aholkularietako bat (Argazkia: Gotzon Aranburu)"][/caption] Jon Maia zumaiarra izendatu dute Donostia 2016 ekimeneko  aholkulari, Santi Eraso kultura bultzatzailearekin batera. «Beren ezagutzen eta esperientzia profesionalaren ikuspuntutik» eskainiko dute aholkularitza biek ala biek, Donostia 2006 Fundazioak jakinarazi duenez. «Nire soslaiagatik edo, diziplina askotan ibili naizelako, ekimenean lan egitea eskaini zidaten. Gerora, ordea, zenbait arazo izan zen. Donostiako Udaleko zenbait alderdik ez ninduten ongi ikusi lan horretarako». Orain, ordea, ados agertu dira, eta Maia izango da Europako Kultura Hiriburuko ekimenetarako aholkularietako bat. «Ni denbora horretan guztian isil-isilik egon naiz, haiek konpondu bitartean, nik ez baineukan ezer esateko». Bere aldetik ere, zenbait zalantza pertsonal izan du. «Ni gauza asko egiteko zalea naiz, eta zalantzak izan ditut nire sorkuntza horri nola eragingo zion Donostia 2016an lanean hasteak». Baina  konpromisoa sentitu du zumaiarrak: «Nik aportatu baldin badezaket, nik egiten dudana alde batera laga eta denboraldi batean proiektu honetan lagunduko dut». Hala, «erronka handia» du aurretik: XVI. mendeko San Joan ontzia berreraikiko du Albaola itsas kultur erakundeak, eta hura koordinatzeaz arduratuko da. «Albaolan lan egiten nuen garaian heldu zitzaigun Donostia 2016n kolaboratzeko proposamena. Nik hasieratik ezagutzen dut proiektua, beraz». Jakinarazi duenez, Europako Kultura Hiriburuaren ekimenak hainbat enbaxada mugikor izango du, eta horietako bat izango da San Joan. «Euskal Herriko historian, eta zehazki, itsas kulturan  egongo da oinarrituta, eta izan ginena transmititzea izango du helburua». «Abentura handia» izango da bertsolariarentzat. Izan ere, hiru urtean eraiki beharko dute itsasontzi hori. Gogotsu dago, hala ere, proiektu horrek balorean jarriko duelako bere garaian «Euskal Herria munduko punta eta abangoardia izateko eraman zuten ekipamendu industrial eta teknologiko eta gizarte sare hura». «Zoritxarrez, beste era batzutara transmititzen ez den zerbait da, eta guk uste dugu proiektu honek balioko duela gure historian sakontzeko eta etorkizuneko garapen ekonomiko faktore gisa», nabarmendu du. Horrez gain, bertako kultur sortzaile eta eragileekin proiektuak lantzea izango da Maiaren lana, gerora horiek Donostia 2016an txertatzeko. Maiak denbora beharko du «oso proiektu zabal eta konplexua» baita, baina gustura dago, «gauzak egiteko aukera» izango duelako. «Euskal kultura dagokion erreferialtasun mailara eramateko lan egiteko prest nago». Proiektu pertsonalak Duela gutxi M eme M Mari Emakume Mitologikoa ikuskizuna estreinatu zuten Bilboko Arriaga antzokian azaroan, Jon Maiaren gidaritzapean. Dantza, bertsoak, musika eta beste hainbat diziplina biltzen ditu ikuskizunak. Hori,ordea, «ekitaldi puntual» bat izan zela adierazi du. Ildo horretatik,  gauzak egiten jarraitu nahi du Maiak: «Badakit ezingo dudala geldirik egon, eta saiatuko naiz neure proiektu propioak egiten jarraitzen. Dudarik gabe, bertsotan jarraituko dut, hori bainaiz, bertsolaria. Hala ere, badakit bidean nire sorkuntzatik ere egiten segituko dudala». Izan ere, hori da bere buruari jarri dion baldintza eta mantendu nahi duen autonomia zatia: beretik sortzen segi ahal izatea . «Donostia 2016 epe baterako izango da, eta hori ere bukatuko da. Nik badakit zer naizen eta zer izan nahi dudan, gauza puntual horien gainetik», gaineratu du Maiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide