UROLA KOSTAKO HITZA-rekin hitzarmena egin eta diruz laguntzea erabaki du Azpeitiko Udalak, Bildukoen eta Hamaikabateko zinegotziaren aldeko botoekin; EAJko hautetsiak abstenitu egin dira. Astelehenean ezohiko udalbatzarrean hartu zuten erabakia.
Komunikazio aldetik eta euskararen normalizazioan HITZA-k duen garrantzia nabarmendu zuen Eneko Etxeberria alkateak (Bildu), «eskualdeari buruz euskaraz informatzen du, eta euskararen normalizaziorako gure estrategian bete-betean txertatzen da». Euskara eta euskarazko komunikabideak «batere konplexurik gabe» lagundu behar direla esan zuen alkateak, «nazioa gara eta gure hizkuntza euskara da. Ingalaterran, Irlandan edo Alemanian euren hizkuntzak laguntzen dituzten eran, guk gurea lagundu behar dugu».
Udalak HITZA laguntzea, «euskaraz bizi nahi duten azpeitiarrei aukerak bermatzeko beharrezkoa den neurria da», alkatearen arabera. Euskarazko produktuak lagundu beharra daukate instituzioek, «tamalez ez dira errentagarriak, eta urtero defizita sortzen dute. Horregatik, defizita estaltzeko adina laguntza eman beharra dugu instituzioek».
EAJko zinegotziak, ordea, abstenitu egin ziren, eta horretarako arrazoiak
Uztarria-rekin Udalak hitzarmena egitea erabaki zuenean emandako berdinak direla esan zuen Aitor Gorrotxategi zinegotziak, «ez gaude HITZA-ren kontra, baina dirurik ez badago, guk ere nonbaitetik moztu beharko dugu». «Indar guztiak» Udal Euskara Patronatoan jartzearen alde daudela gaineratu zuen zinegotzi jeltzaleak.
Gaixo dauden presoen alde
HITZA-rekin Udalak hitzarmena egiteko gaiaren ondoren, gaixo dauden presoen eskubideen aldeko mozioa landu zuten astelehen arratsaldeko udalbatzarrean, Bilduren udal taldeak proposatuta. EAJ-koek, ordea, kontu horren gaineko kontramozioa aurkeztuzuten udalbatzarrean. Batzarreko gai-zerrendan testua sartu gabe zegoela-eta jeltzaleena ez zuten bozkatu plenoan. Bildukoen eta EAJkoen testuak «antzekoak» zirela onartu zuten bi aldeek, eta elkarri testu bateratu bat egiteko aukera galduz «berandu» ibiltzea egotzi zioten.
Azkenean, Bilduren mozioa onartu zuten, Bildukoen eta Hamaikabatekoaren aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin zen.
Hala, Udalak preso gaixoen egoera larriaren aurrean «kezka» azaldu du, eta legea betez eta herriaren borondatea kontutan hartuta «urrats errealak emateko eskatu dio Madrilgo Gobernuari». Horrez gain, «nazioarteko eta Espainiako legedia oinarri hartuta», larri gaixo dauden hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatu du.