ELA sindikatuak deituta, dozenaka lagun bildu dira eguerdian Zarauzko udaletxe aurrean, murrizketa publikoak salatzeko. Kontzentraziora Zarauzko Udaleko langileak ere batu dira; izan ere, Unai Egaña udaleko langilen ordezkariak azaldu duenez, 2010. urtetik Udal Hitzarmenik gabe daude langileak. Hitzarmena lortzeko Zarauzko Udalarekin bilerak egin dituztela esan du Egañak, “baina ez dugu lortu adostasunik”. Honen arabera, langileek aurtengo KPIaren erdia jasotzeko eskaintza egin die Udalak, “baina hori ez da bidezkoa”: “Azken bi urte eta erdian, soldatetan ia %10 galdu dugu, KPIa murriztearen eta izoztearen ondorioz. Horren aurrean, orain KPIaren erdia jasotzea ez da onargarria”.
“Udalak argudiatzen du ez-ohiko egoeran dagoela eta defizit handia duela”, dio Egañak; horren aurrean, langileen ordezkariek zerga eredua aldatzeko eskatu dio Udalari. “Defizit horren eragileak ez dira Zarauzko Udaleko langileen soldatak”. Egañak uste du langileen soldatak “erasotzen” ari direla: “Soldatak jaisteak ez du bermatzen langabezia gutxiago egongo denik; soldatak defendatzeko beste edozein langileek duten duintasun eta behar berdinak ditugu. Baina, funtzio publikoko langileak izatean, funtzio publikoaren eredua ere defendatzen ari gara”.
