Zarauzko Udala hurrengo urteko aurrekontuak lantzen hasi da, eta horretarako herritarrekin bilduko da datozen egunetan. 2012ko aurrekontuak eratzeko auzoz auzo bilerak egingo dituzte Udaleko ordezkariek, Udalak duen egoera ekonomikoa azaltzeko eta datorren urtera begira aurrekontuen inguruko ekarpenak jasotzeko.
Aurrekontuetako gastuen atal bat “herritarrek erabaki” behar dutela uste du Udalak. “Auzotar bakoitzak bere auzoa edo herria nola ikusten duen jakitea interesgarria da, baita Udalaren egoera hobetzeko zer egin genezaken jakitea ere”, adierazi du Iñaki Eizagirrek, ogasun zinegotziak. Horretarako, hurrengo astelehenetik aurrera Vista Alegre, Mitxelena, Itxasmendi, Azken Portu, San Pelaio, Urteta eta Alde Zaharreko auzokideekin elkartuko dira. Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik adierazi du bilera horien bidez finkatuko dituztela lehentasunak: “Parte hartzeari emango diogu garrantzia, eta lehentasunak zehaztuta, dagoen diruaren arabera, lanak gauzatuko ditugu”. Eizagirrek adierazi du ekimen honen azken helburua “aurrekontu parte-hartzaileak” osatzea dela, eta hori “pausoz pauso” ikasiko dutela esan du: “Politikoak eta herritarrak ez gaude hezita aurrekontuei aurre egiteko. Beraz, pausoz pauso egitea komeni da, eta aurtengoa izango da lehen pausoa. Hala, aurrekontuak nola egiten diren azalduko dugu, eta herritarrek eurek aurrekontuak erabakitzea izango da azken helburua”. Bilera guztiak 19:30eatik 21:00etara egingo dituzte.
Eizagirrek jakinarazi du Udalak 23.533.165 euroko zor bizia duela. Kopuru horri, ordea, urtez urteko interesa gehitu beharko zaiola adierazi du. Interesak kontuan izanda, egin dituzten aurreikuspenen arabera, Udalak beste 11 milioi euro inguruko zorra ere izango duela gaineratu du zinegotziak; alegia, 34 milioiko zorra izatera iristea aurreikusi du Zarauzko Bilduk.
Udalaren egoera ekonomikoa kontutan hartuta, aurtengo aurrekontutan hasieran esperotakoa baino 2.500.000 euro gutxiago jasotzea aurreikusten du Bilduk. “Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz Udalari ematen zion diru kopurua %8 murriztu du, eta horrek eragina izango du; halaber, 2011ko aurrekontuak egin zirenean gastuak berdintzeko sarrerak puztu egin zituzten: lokal batzuk sartu zituzten sarreretan, eta horiek ezin dira saldu, egoitza horiek ezin izango dira saldu”, dio Eizagirrek. Hala ere, aurtengo aurrekontuetako hainbat gastu atzera bota dute, Astiko olatuaren proiektua, besteak beste. Halaber, udalbatzaren ordainsariekin 500.000 euro aurreztuko dituztela adierazi du ogasun zinegotziak. Hala ere, Udalak urtea defizitarekin amaituko duela argitu du Eizagirrek. Hori hala izanik, 2012ko aurrekontuak “zorrotzak” izango dira: “Sail batzuk murrizketa dezente izango dute. Gure asmoa da ahalik eta murrizketa gutxien egitea da, Gizarte Zerbitzuetan, esaterako”.
Eizagirrek gogoratu du Udalak 23.533.165 euroko zor mailarekin amaitu zuela iazko urtea. Zorra Udalak dituen kredituei zor zaiela nabarmendu du Eizagirrek: “Kreditu gehien Kutxarekin du; hiri kredituak ditu honekin. BBK, Banesto, BSCH eta BCL bankuekin ere baditu kredituak. Kreditu hauteko handiena, ia 11 milioi eurotakoa, 2009. urtean hartu zen, eta Zarautzek duen zorra batez ere urte horretan egin zen”. Kreditu horren eraginez Udala %40ko zorra izatetik %80a izatera pasatu zela adierazi du zinegotziak.
Zarauzko Udalaren inguruko datu ekonomikoak Gipuzkoako Foru Aldundiko webgunean aurki daitezke.
BILEREN EGUTEGIA:
- Azaroak 7, astelehena: Vista Alegre Auzo Elkartean.- Azaroak 10, osteguna: Mitxelena Auzo Elkartean.- Azaroak 14, astelehena: Itxasmendi Auzo Elkartean.- Azaroak 17, osteguna: Azken Portu goian.- Azaroak 21, astelehena: Azken Portuko kristau biltokian.- Azaroak 24, osteguna: San Pelaioko Jubiltuen Etxean, goiko solairuan.- Azaroak 28,astelehena: Alde Zaharrean, Etxezabalan.- Abenduak 1, osteguna: Urtetan.
