Azken asteetan herriko etxebizitzetan Udalaren funtzionamenduaren inguruko galteketa utzi ondoren, Getariako ezker abertzaleak inkesta horien emaitzak eraman ditu argitara orain. Herritarrek Udalaren inguruko hainbat gai baloratu dute, besteak beste: jarduera, kudeaketa edota informazioa.
Ezker abertzaleak adierazi du Udalaren jarduerak hamarretik 5,12ko balorazioa lortu duela. Udalaren gertutasunak, ordea, “maila eskasa” duela ondorioztatu du taldeak; izan ere, gai horrek 2,68 puntu izan ditu, eta Udalaren jardueraren inguruko informazioak, berriz, 2,9 puntu. Hori hala izanik, ezker abertzalearen ustez, “Udal funtzionamendu egoki baterako ezinbestekoa da jarduera bera herritarren gertukoa izatea”.
Informazio bideei dagokionez, berriz, galdeketan ondorioztatu dute herritarren zati handienak informazio bide nagusia “kaleko aipamenak” direla; %40ak uste du hori. Bigarren iturri nagusia, %33a, komunikabideak dira getariarrentzat, eta %15a alkate eta zinegotzietatik informatzen dela ondorioztatu du ezker abertzaleak. Hala ere, taldearen arabera, galteketa bete duten guztiek ez dute uste “nahikoa” denik “Udalaren jardueraren inguruko informazioa”. Horren aurrean, ezker abertzaleak “gardentasuna” eskatzen dio Udalari.
Bestetik, galdeketan jaso dutenez, erantzun duten guztiek herri galdeketa “beharrezkotzat, garrantzitsutzat eta guztion hoberako” dela uste dute, eta horiek azaldu dute “azken lau urteotan Getariako Udalean ez dela herri galdeketarik” egin.
Horrez gain, herritarrentzat behar nagusienak honakoak dira, taldeak adierazi duenez: “Udal gestioaren inguruko informazio gehiago izatea eta gestioa bera parte hartzailea izatea, aisialdi eta kulturarako azpiegitura eta ekintza gehiagoren beharra, hirigintza gaiak, errepide egokiak, gizarte zerbitzuen hobekuntza, lana eta euskara teknikaria”.
Hizkuntzari dagokonez, berriz, %91k adierazi du Udalarekin euskaraz izaten duela harremana. Ezker abertzaleak datu hori “oso berri ona” dela adierazi du, ez du uste “nahikoa” denik: Udalaren baitan, bertan burutzen diren lanak eta gainontzeko erakundeekiko harremanak euskaraz izatearen beharra garrantzitsua deritzogu”, diote.