Herrio natur taldeak Gabon hauetan Euskal Herriko zuhaitzak oparitzera deitu ditu "ingurumenarekin arduratsuak izan nahi duten eta tokiko landare-espezieak hedatu nahi dituzten herritarrak". Horretarako, taldeko kideek beraiek hazitako haritzak, gorostiak, arteak… doan banatuko dituzte abenduaren 19an, larunbatarekin, Muntoko berdegunean, 11:00etatik 13:00etara.
Herrio, herritarrei laguntzeko prest
"Egitasmoaren helburua da herritarrek opari jasangarriak eta naturarekiko konprometituak egitea", azaldu dute Herrioko kideek. Baina, horrez gain, lorategia, baratzea edo lursaila duten oriotarrei eskatu diete beraiekin harremanetan jartzeko, elkarteko kideak "prest" daudelako "espazio hori atondu, zuhaitzak lortu, landatu eta gainontzeko lanetan laguntzeko".