Maila ona erakutsi dute OAEko arraunlariek Espainiako Yola Txapelketan

Julene Sorarrain

Orio Arraunketa Elkarteko beteranoak. (utzitakoa)

Orio Arraunketa Elkarteko beteranoek bederatzigarren postuan amaitu dute, eta absolutuek seigarrenean, asteburuan Sevillan jokatutako yola txapelketetan. Klubak, gainera, 2026ko denboraldian bederatzi Espainiako Txapelketatan parte hartu du, eta sei urrezko domina eskuratu ditu.

Sevillan jokatu dituzte asteburuan Yola modalitateko Espainiako Txapelketak, eta Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) arraunlariek ere hitzorduan parte hartu dute, bi ontzirekin: gizonezko beteranoena eta gizonezko absolutuena. Yola aulki mugikorreko arraun modalitate bat da. Ontziek, normalean, lau arraunlari eta lemazaina izaten dituzte, eta estropadak 250 metroko ibilbideetan jokatzen dira, ziabogak eginez. Distantzia eta ziaboga kopurua mailaren arabera aldatzen dira.

OAEko bi ontziek emaitza ezberdinak lortu dituzte asteburuko lehian. Gizonezko beteranoek ezin izan dute finaletarako sailkatzea lortu. Larunbateko kanporaketa eta errepeska jokatu ondoren, igandeko finaletatik kanpo geratu ziren, eta bederatzigarren postuan amaitu dute txapelketa.

Gizonezko absolutuek, berriz, B finalerako txartela eskuratu zuten larunbateko kanporaketa eta errepeska gaindituta. Igandean jokatutako finalean bigarren postua lortu zuten, eta, ondorioz, sailkapen nagusiko seigarren postuan amaitu dute Espainiako Txapelketa.

Aulki mugikorrean, gero eta presentzia handiagoa

OAEk ez du tradizio handirik Yola modalitatean, baina azken urteotan presentzia hartzen ari da. 2025ean, klubeko gizonezko beteranoek Espainiako Txapelketan parte hartu zuten, Asturiasen (Espainia). Aurten, berriz, Sevillako hitzorduan izan dira berriro, eta beteranoez gain, gizonezko absolutuen ontzia ere lehiatu da. Parte hartze horrek agerian uzten du klubak aulki mugikorreko modalitateetan egiten duen ahalegina.

Sevillako Yola Txapelketarekin, OAEko arraunlariek 2026ko denboraldian aulki mugikorreko modalitateetan Espainiako sei txapelketatan parte hartu dute. Hona hemen egindako ibilbidea:

  • Cartagena (Espainia): Arraunergometroko Espainiako Txapelketa.
  • Legutio (Araba): aulki mugikorreko Espainiako txapelketak.
  • Sevilla: aulki mugikor tradizionaleko Espainiako Unibertsitate Txapelketa.
  • Banyoles (Katalunia): aulki mugikor tradizionaleko Espainiako Txapelketak, kadete eta jubenil mailan.
  • Sevilla: aulki mugikor tradizionaleko Espainiako Txapelketak, infantil eta beterano mailan.
  • Sevilla: Yola modalitateko Espainiako Txapelketak, absolutu eta beterano mailan.

Horrez gain, arraunketa tradizionalean edo tostako arraunketan ere Espainiako beste hiru txapelketatan lehiatu dira Orioko arraunlariak: Legution, batel modalitateko Espainiako Txapelketan; Castron (Kantabria), trainerilla modalitateko Espainiako Txapelketan; eta Moañan (Espainia), traineru modalitateko Espainiako Txapelketa.

Beraz, guztira, bederatzi Espainiako Txapelketatan izan da presente Orio Arraunketa Elkartea 2026ko denboraldian, aulki mugikorreko zein arraunketa tradizionaleko modalitateetan.

Parte hartze zabalaz gain, emaitzak ere aipatzekoak dira. OAEko arraunlariek sei urrezko domina eskuratu dituzte denboraldian zehar jokatutako Espainiako Txapelketa hauetan. Lorpen horrek balio berezia ematen dio klubak modalitate eta maila ezberdinetan egindako lanari. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide