Gaur ehun urte eman zuen aurreneko kontzertua Orioko Musika Bandak

Onintza Lete Arrieta

Martin Perona, Orioko Musika Bandaren 1926ko argazkiarekin. (Onintza Lete Arrieta)

1926ko Santa Zezilia egunez jo zuen aurreneko pieza herriko banda sortu berriak, eta azkenekoa 1970ean, Juan Oliden bandako zuzendariaren hiletara bidean. Aurreneko gertakaria entzunda daki Martin Perona musikari oriotarrak, bigarrena, berriz, berak bizi izan zuelako. 

Aurten mendea bete da Orioko Musika Banda sortu zela, eta zehazki gaur ehun urte eman zuen aurreneko kontzertua, 1926ko azaroaren 22an, Santa Zezilia egunez –musikarien eguna–. Hala azaldu dio Gukari Orioko musika bandaz gehien dakien herritarrak, Martin Perona musikari beteranoak. Musika bandak 46 urtez iraun zuela kontatu du, eta 1970ean amaitu zuela bere jarduna. Perona bera bandan zebilen, 11 urterekin sartu baitzen taldean, 1961ean, eta barrutik ikusi zuen proiektua bertan behera gelditzen. "Felipe Arostegi zen zuzendaria, baina hark lan asko zeukan aita hil zitzaiolako eta lantegiaren kargu egin behar izan zuelako, eta Juan Olidenek hartu zion lekukoa. Baina kargua hartu eta bizpahiru hilabetera hil egin zen Oliden bera, bat-batean. Kolpe handia hartu genuen, eta halaxe amaitu zen banda". 

Oraindik oso gogoan du Olidenen hileta eguna. "Bandako estatutuetan jasota zegoen kideren bat hiltzen bazen Chopin-en Hileta martxa joko ziola bandak, eta hala, hileta egunean hildakoaren etxetik elizara hura joz joan ginen hilkutxaren atzetik, garai hartan hilkutxa ez zelako kotxean ematen, senitartekoek bizkarrean hartuta baizik. Zeharo hunkigarria izan zen". Musika bandak jo zuen azken pieza ere huraxe izan omen zen. 

Ordutik Peronak hainbat herritako musika bandatan jo izan du –Hernanin 47 urtez aritu zen, eta gaur egun Getariakoan jarraitzen du–, eta Orion, berriz, txarangan dabil. Baina Musika Bandarik ez da berriz abiatu herrian, Danbolin musika eta dantza eskolakoa salbu. 

Musika Bandako partaideak

Peronak ondo gordeta ditu, ordea, bai Musika Bandako aurreneko argazkia, baita azkenetarikoa ere. Duela 100 urteko bandako musikarien izenak ere, banan-banan ditu apuntatuta: Dionisio Larrañaga (trakaxa), Santos (klarinetea), Jose Migel Leunda (txindata), Bentura Bajakoba (tronboia), Modesto Elizalde (saxofoi altua), David Suarez (bonbardinoa), Esteban Leunda (tronpeta), Jose Orbegozo (fliskornoa), Felipe Arostegi (baxua), Jose Esnal (dunbala), Angel Lekuona (tronboia), Esteban Elizondo (bonbardinoa),  Jose Maria Arostegi (klarinetea) eta Karlos Arribas (rekintoa). Antonio Marin zen zuzendaria. 

Orioko aurreneko Musika Bandako kideak. (Utzitakoa)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide