Indarkeria matxista sarean nola gertatzen den azalduko du gaur Eider Goiburuk (Orio, 1980). Pantailen itzalpekoak. Indarkeria matxista digitala aztergai izenburupean, solasaldia eskainiko du Sheila Melcon psikologo feministarekin batera, Saregile emakumeen etxean, 19:00etan. Indarkeria matxista "bizitzako esparru eta adin guztietan" gertatzen dela dio Goiburuk, "baita mundu digitalean ere". Izan ere, indarkeria matxista "eremu digitalak dituen ezaugarrietara ondo egokitu" dela deritzo.
Indarkeria matxista bizitzako esparru askotan gertatzen den zerbait da. Solasaldi honetan, ordea, mundu digitalean jarriko duzue arreta. Zergatik?
Une honetan jendartean dagoen ardura bat da mundu digitala aztertzea. Teknologiaren iraultzak eraldaketa sozial bat suposatu du eta gure bizitzako esparru guztietan eragin du. Kasu batzuetan, eragina positiboa izan da, bizitza erraztu digu. Ordea, kontrako eragina ere izan du, gizarteak dituen ezaugarriengatik eta jokatzeko eragatik. Indarkeria matxista esparru guztietan gertatzen da, eta, horregatik, teknologia bidezko harremanetan ere agertzen da. Sistema patriarkal batean bizi gara, eta sistema horretan bizitzearen ondorioa da indarkeria matxista. Indarkeria matxistak adierazteko modu ezberdinak ditu, gizarteko esparru eta eremu ezberdinetan, eremu digitalean barne.
Pantailak eguneroko harremanetarako eta sozializatzeko eremu nagusi bihurtu diren honetan, indarkeria matxistak bide erraza topatu duela uste al duzu?
Ez dut uste teknologiak indarkeria matxista erraztu duenik, baizik eta indarkeria eremu digitalak dituen ezaugarrietara ondo egokitu dela. Sareak eskaintzen dituen baldintzak hartu eta bereganatu egin ditu, besterik gabe. Indarkeria matxistaz ari garenean, askotan bortxaketa bat edota kontaktu fisikoa suposatzen duten egoerak etortzen zaizkigu burura; eta egia da, hasiera batean, eremu digitalean kontaktu fisiko hori ez dela ematen, baina beste bide batzuk ere badaude indarkeria gauzatzeko. Adibidez, nerabeekin izandako saio batean, neska batek kontatu zuen mugikorrarekin mutil batekin ligatzen aritu ostean, ezezkoa eman, eta mutilak bere zakilaren argazki bat bidali ziola. Hor ez dago kontaktu fisikorik, baina indarkeria da.
Nerabeak aipatu dituzu. Indarkeria matxista digitala jasateko arrisku gehiago al du nerabe batek heldu batek baino?
Indarkeria matxista adin guztietan eta bizitzako etapa guztietan ematen da. Gertatzen dena da, nerabezaroan eraikitzen dela identitatea, eta horren barruan, baita genero identitatea ere. Beraz, adin horretan genero rolek garrantzia izaten dute. Genero rol horiek lotzen baditugu rol tradizional eta matxistekin, posible da indarkeria gertatzea. Bestetik, nerabezaroa da etapa bat non lagunarteko harremanek zein harreman afektibo, erotiko eta sexualek indarra hartzen duten. Horregatik, testuinguru horretan ere gerta daitezke indarkeria egoerak, eremu digitalean zein eremu fisikoan. Gizon helduak dauden Whatsapp taldeetan ere gertatzen dira txiste eta jarrera matxistak, anaidi patriarkalak. Hau da, esan nahi dudana da nerabeengan arreta jarria dugula hezkuntza komunitateak eta familiek, arduratzen gaituen etapa eta pertsona multzoa direlako, baina indarkeria toki eta etapa guztietan gertatzen den zerbait da, nahiz eta forma ezberdinetan izan.
Posible al da babes sare bat eratzea indarkeria matxista digitalari aurre egiteko?
Indarkeria matxista ez gertatzeko, beharrezkoa da gizarte feminista bat edukitzea, eta bide hori eraikitzen ari gara. Hala eta guztiz ere, prozesu luzea eta konplexua dela deritzot, gorabeherak dituena eta izango dituena. Eremu digitalean bertan erresistentzia praktikak ditugu. Gazteek, natibo digitalak diren heinean, erresistentzia praktikak sortzen dituzte, talde seguruak sortzeko edo talde horietan elkar babesteko. Bestetik, ziberfeminismoak ere ematen dizkigu ideia batzuk pentsatzeko nola babestu gure burua eta eremu digitala aldarrikapenerako eta erresistentziarako espazio nola bihurtu. Niretzat, garrantzitsua da ulertzea eremu digitala ez dela zerbait neutroa; alegia, sistema patriarkalaren barruan eraiki den zerbait da, eta, beraz, sistema horren baldintzekin jokatzen du. Halaber, sare sozialen atzean pertsonak gaude, eta erabiltzaileak garen neurrian, sareen erabilera ona egitea dagokigu.
Zein izango da solasaldiak jarraituko duen egitura?
Saioa Iraola Berdintasun teknikariak bideratuko du, eta hark egindako galderak eta baieztapenak erantzungo ditugu Sheilak [Melcon] eta biok. Bertaratzen direnek izango dute, noski, galderak eta ekarpenak egiteko aukera. Sheilak eta biok begirada intersekzionala jarri nahi dugu mahai gainean, eta nahi dugu jendeak ulertzea Internetek eskaintzen dituen espazioekiko, baliabideekiko eta tresnekiko bizipenak ezberdinak direla, pertsona bakoitzaren posizioaren eta ezaugarrien arabera. Hau da, ez da gauza bera gizon heterosexual eta zuri batek Internetekin duen harremana, eta gizon trans eta gazte batek edo migratu batek izan dezaketena.
Zer publiko animatuko zenuke saioa entzutera? Norentzat uste duzu izango dela interesgarria?
Interesgarria da herritar ororentzat, teknologiak gure bizitzako ardatz guztiak zeharkatu dituen honetan. Beraz, denontzat da baliagarria ekosistema digitalaren gainean hausnartzea. Horrez gain, feminismoarekiko interesa dutenentzat bereziki interesgarria izango dela uste dut, begirada feminista eta mundu digitala uztartu nahi ditugulako. Azkenik, hezkuntza arloko jendearentzat ere baliagarri izan daitekeela uste dut. Izan ere, adin tarte askoren inguruan jardungo dugun arren, nerabeengan jarriko dugu bereziki arreta.