Orioko River Box & Roll klubak antolatuta, Boxeo Gaua egingo dute azaroaren 28an, larunbatez, Karela kiroldegian, 18:30ean hasita. Bigarren urtez jarraian antolatu dute boxeo hitzordua, eta ilusioz eta gogoz ari dira prestatzen jardunaldia. Klubeko ordezkari Ibai Marinen hitzetan, "ilusio handiarekin" begiratzen diote aurtengo ekitaldiari. "Iazko harrera oso-oso ona izan zen, eta aurten ere erantzun bera jaso nahiko genuke. Gure energia guztia horretan jarriko dugu, dena ondo atera dadin eta, beste behin, boxeoa Oriora ekartzeko".
Guztira, bederatzi borroka izango dira ikusgai ring gainean: zortzi amateur mailakoak eta bat neo-profesionala. Azken horretan, Irungo (Gipuzkoa) Resiliens Boxing klubeko Steven Ruiz eta Errenteriako (Gipuzkoa) Team Latigo klubeko Denis Nica Zelaia izango dira aurrez aurre.
Amateur mailako lehietan, besteak beste, Orioko klubeko hiru boxeolari ariko dira nor baino nor gehiago. Hain zuzen ere, Diego Duran oriotarra, 2026ko Gipuzkoako txapelduna; Igor Arruti aiarra; eta Julen Garaikoetxea zarauztarra igoko dira ringera.
Boxeo Gauaz gozatzeko sarrerak 18 euroan daude salgai Mirotzan, Barakan eta kiroldegian. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira, baina 20 euroko prezioan.