Kontxako bandera irabazten den urtetik aurrerako bandera guztiak bedeinkatzearen tradizioari jarraituz, iaz bezala, aurten ere ospakizuna egingo du Orio Arraunketa Elkarteak. Joan den urtean sanikolas hirugarrenez egin zuten ekitaldia, eta aurten, jaien hasieran jarri dute hitzordua: abenduaren 5ean, larunbatarekin, Bariko San Nikolas elizan bedeinkatuko dituzte denboraldi honetan irabazitako bandera guztiak. Klubeko arraunlariek eramango dituzte Arraunetxetik parrokiaraino, eta ekitaldi hori aprobetxatuz, goiz osoko egitaraua prestatu du arraun klubak.
Izan ere, aurrena, 11:00etan, arraun eskolako kideak aurkeztuko dituzte, Herriko Plazan. Handik ordubetera, 12:00etan, aterako dira banderekin kalejiran Arraunetxetik elizara, eta 12:30ean izango da bedeinkapena. 13:00etan, azkenik, talde argazkia aterako dute denek batera, Herriko Plazan.
Giroa alaitzeko, 12:00etatik 15:00etara pintxo potea egongo da Herriko Plazan, eta klubeko arropa erosteko aukera ere izango dute herritarrek, postua jarriko baitute bertan.