Irailaren 24an, Gure Gaskuña arraste ontziak su hartu zuen Orioko kanpo portuan, Txurrukako zabalgunean, eta ordutik erdi hondoratuta dago bertan. Ostiralean hasi ziren ontziaren barruan dauden 17.000 litro gasolioa ateratzen, eta gaur-gaurkoz, lan horretan jarraitzen dute.
Egoera horren aurrean, Orioko Surf Taldeak elkarretaratzera deitu du larunbat eguerdirako, "gure kexa eta egonezina adierazteko eta dagokien arduradunei presioa egiteko". Izan ere, taldeko kideek salatu dutenez, asteburu honetan surf egitera ateratzean, "gasolio usain txarra eta orbanak" atzeman dituzte inguruan. Kezka agertu dute, gainera, ez baitakite zenbat denbora beharko duten ontziko gasolio guztia ateratzeko.
Hala, elkarretaratzea egingo dute larunbatean, 12:00etan, Orioko barran, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte aldarriarekin bat egitera.