San Nikolas haurtzaindegia hartu zuen eraikina, orain salgai

Onintza Lete Arrieta

Hainbat ume oriotar, bi mojarekin, haien haurtzaindegian. (Orio, historia argazkitan liburua)

1960eko hamarkada ingurutik makina bat haur hartu dituzte Kristo Apaizaren Parrokiako Laguntzaileak kongregazioko mojek. Haiek herritik alde eginda, eraikina salgai da.

Mojek alde eginda, haiek Orion egindako lana eta utzitako arrastoak ere desagertzear egon daitezke laster, salgai jarri baitute San Nikolas haurtzaindegia. Sareko higiezinen plataformetan ikus daiteke urte luzez haurtzaindegia izan zen eraikinari jarri dioten prezioa, baita hura barrutik nolakoa den eta zer ezaugarri dituen ere. Kristo Apaizaren Parrokiako Laguntzaileak kongregazioko hiru moja bizi izan dira hamarkada luzez Orion, orain dela bizpahiru urte herritik joan ziren arte. Joxemari Gozategi Orioko sakristaua da haien berri gehien dakienetako bat, eta berak kontatu dio Gukari mojek herrian egindako ibilbidea. Kongregazioaren izenak berak dioen bezala, batez ere parrokiaren bueltako lanez arduratzen dira moja horiek, eta Orion ere egiten zuten lan hori. "Baina lan horiek asko ahitu dira", azaldu du sakristauak. "Garai batean, lau apaiz ziren Orion, eta parrokiako martxa ere aldatu egin da urteekin", gaineratu du.

Kongregazioak Irunen (Gipuzkoa) du inguruetako komentu handiena, eta komentu nagusia, berriz, Palentzian (Espainia), Gozategik azaldu duenez. Orion zeuden mojetatik bat, edade handienekoa, Irunera eraman dute; beste bat, Bilbora; eta gazteena, "hemen euskaraz ikasi zuena", Madrilera bidali zuten.

San Nikolas haurtzaindegia. (Onintza Lete Arrieta)

Endaia plazan hasita

Gozategik kontatu du mojak lehendabizi Endaia plazan egon zirela bizitzen, epe motz batez. "Hori gure amari entzuna diot, baina ez dakit gerra aurretik ala ondoren etorriko ziren herrira eta etxe horretara". Gero, "parrokiak eskatuta edo", gaur egunera arte egon diren lekura aldatu ziren, elizaren ondora, San Nikolas kaleko hamargarrenera. Gozategik berak beti han ezagutu izan ditu, eta beraz, hamarkada mordoa egin dute bertan, Gozategi 1951. urtean jaiotakoa baita. Parrokiaren bueltako lanak egin izan dituzte mojek, "baita irakurtzen ez zekienari irakurtzen erakutsi, nahiz oihalak eta arropak brodatu eta josi ere". Baina ez hori bakarrik. Izan ere, urte mordoan eduki zuten zabalik San Nikolas izeneko haurtzaindegia. Gozategiren arabera, 1960ko hamarkadarako irekiko zuten. "Garai batean, 6 urtera arte ez ziren haurrak eskolaratzen, eta Maria Sagrariok edukitzen zituen haur txikiak. Baina hark bakarrik ezin zituen hartu Orioko ume guztiak", kontatu du sakristauak.

60 ume ere bai

60 ume ere ezagutu ditu Gozategik haurtzaindegian. "Bai mojenean, bai Maria Sagrarionean", zehaztu du. Erakundeen eta gizartearen aldetik "orain adina exijentzia ez zegoen" garai batean, eta han egoten omen ziren denak, "oiloak oilategian bezala, pilan", dio. Mailaren arabera irakurtzen edo abesten aritzen zirela oroitu du. Gerora, egoera aldatzen joan zen, eta aldaketa handiena umeak 2 urterekin eskolaratzen hasi zirenean etorri zela dio. Ordutik, lanean jarraitu zuten arren, mojek "dozenaren bat ume" edukitzen zutela kontatu du sakristauak.

Gainera, haurtzaindegi bat martxan edukitzeko baldintzak gogortzen joan ziren agintariak, eta azkenerako, uztea erabaki zuten. "Jardun zuten laguntzak begiratzen, baina konturatu ziren bizitzeko nahikoa etekin ez ziela ematen zerbitzuak, eta utzi egin zuten, orain urte gutxi".

Etxe txiki bat

San Nikolas haurtzaindegiaren tokian garai batean etxe txiki bat zegoela gogoratzen du Gozategik. "Uste dut Maria Maestra han hasi zela umeak zaintzen, baina gero, etxe horren jabeek parrokiari eman zioten etxea, eta azkenean, parrokiak mojei eman zien, haiek zuten etxearen truke", azaldu du. Gero, eraberritze lanak egin zituzten, eta 350 metro koadro inguruko eraikina da orain salgai jarri dutena. "Aurrena, mojen asmoa zen solairu bakarreko etxea egitea. Ondoan oilategia zeukan beste familia batek, baina ez zuten lortu haiek beren terrenoa saltzerik, eta bi solairukoa egin zuten. Ematen du izugarrizko etxea dela, baina L forma du, eta ez da hainbesterainokoa", dio Gozategik.

Elizaren oso ondoan egon arren, sakristauak esan du parrokiari ez zaiola interesatzen eraikina, erabilerarik ezingo lioketelako eman. Denborak esango du nork eta zertarako erosten duen hainbeste oriotarren aurreneko eskola izan zen San Nikolas haurtzaindegia.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide