Sanikolasetan aurreneko aldiz Gazte Eguna ospatzea proposatu du Festa Batzordeak

Onintza Lete Arrieta

Gazte batzuk iazko sanikolasetan, sagardoa txotxetik hartzen. (Onintza Lete Arrieta)

Egun hori antolatzeko bilera egingo dute asteazken honetan, hilak 28, Kultur Etxean. Gazte Egun hori abenduaren 7an izango da, eta herriko gazteen artean antolatu nahi dute eguna.

Berrikuntza nabarmena izango dute aurtengo sanikolasek: Gazte Eguna. Hori da, behintzat, Festa Batzordearen asmoa. Horretarako, bilera irekia egingo da asteazken honetan, hilak 28, 19:00etan, Kultur Etxean. Saioa 16 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago, eta Gazte Egunaren nondik norakoak elkarrekin lantzea izango du helburu.

Gazte Eguna abenduaren 7an izango da, eta herriko gazteen artean antolatu nahi da eguna. Antolaketan ahalik eta gazte gehienen ekarpenak jasotzeko, lagun talde bakoitzetik bi lagun bilerara bertaratzeko deia egin du Festa Batzordeak.

Udalak ere herriko gazteak animatu nahi ditu egitasmoan parte hartzera, "denen artean osatu nahi baita lehenengo sanikolasetako Gazte Eguna".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide