Babesle xumeenetik handienera, denei jo diete txalo Orio Eraginen Babesleen Egunean

Onintza Lete Arrieta

Herriko Plazan ekitaldia egin zuen atzo arratsaldean eskubaloi klubak, aurtengo talde guztiak aurkeztearekin batera, haien babesleei esker ona adierazteko. Hitzorduan izan ziren, besteak beste, Roberto Ramajo aldundiko Kirol zuzendaria eta Anuska Esnal alkatea. 

Orio Eragin eskubaloi klubak Babesleen Eguna ospatu zuen atzo arratsaldean Herriko Plazan. Alebinetatik hasi eta seniorretara arte dituen zortzi taldeak  –180 jokalari inguru– igo ziren oholtzara, eta talde horien babesleak ere aurkeztu zituen. Esker ona erakutsi zien denei, bai taldeak babesten dituzten enpresa eta saltokiei, bai klubari ekarpen xumeagoa egiten dietenei. "Ekarpen guztiek egiten dute handi Orio Eragin", nabarmendu zuen aurkezle lanetan aritu zen Karmele Blancok.

Idoia Larrañaga klubeko lehendakariak ere hartu zuen hitza. Aurrena, gogorarazi zuen Eragin bi talderekin sortu zutela, eta gaur egun 180 jokalari dituela. Gero, azpimarratu zuen eskubaloiak eta neskek espazio publikoa hartu dutela, eta bera horrekin pozten dela. 

Ekitaldian izan ziren Anuska Esnal alkatea eta Roberto Ramajo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria ere. Ramajok kluba zoriondu nahi izan zuen, "oso berezia" iruditzen zaiolako soilik neskez osatutako klub bat izatea Gipuzkoak, eta "arrakasta" lortu duten herriko bi eskubaloi jokalari aipatu zituen, Maria Zaldua eta Jon Azkue, herriko erreferente gisa. "Orain, erreferente berriak sortuko dituzue, eta segi gozatzen eskubaloiaz", esan zuen. 

Alkateak Ramajoren adierazpenei egin zien erreferentzia, han bildutakoei galdetzeko ea zer den arrakasta, edo kirolari arrakastatsua izatea. "Niretzat, egunero onena ematea eta egunero saiatzea da arrakasta, eta beraz, denok zarete arrakastatsuak". Boluntarioei, jokalariei eta laguntzaileei eskerrak eman nahi izan zizkien alkateak, eta horixe egin zuen Blancok ere klubaren izenean. Entrenatzaileen figura goraipatu zuen, esaterako: "Ez dago haien lana eta dedikazioa ordainduko duen dirurik". 

Ekitaldian ekipoka atera zituzten argazkiak babesleekin, horiei bufanda eta oroigarri bana eman zieten, eta aurtengo elastiko berriak aurkeztu ondoren, denak elkartu ziren talde argazki jendetsua egiteko. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide