Ainara Larraza: "Gizartea ez dago prest dolu perinatalaz hitz egiteko"

Kris Fernandez

Marina Martin eta Ainara Larraza. (Utzitakoa)

Urriaren 15a Dolu Perinatalaren eta Gestazionalaren Nazioarteko Eguna izan zen. Ainara Larraza oriotarrak bere esperientzia partekatu zuen egun horren harira, Donostiako Matia Gunean egindako jardunaldian. Izan ere, haren bikotekideak alaba haurdunaldiko 37. astean galdu zuen. Bizitakoa kontatzea erabaki dute, antzeko egoeran dauden familiek bakarrik ez daudela jakin dezaten eta gizartean oraindik ere tabu den errealitate bati ikusgarritasuna emateko. Santu guztien egunaren harira, Gukak argitaratutako gehigarri bereziko edukia da honako hau.

Urria eta urriaren 15a dolu perinatalaren hila eta eguna dira, eta zure bikotekideak eta zuk bizi izandako istorioa kontatzea erabaki duzue. Zergatik?

Bikotekideak haren sabelean hazten ari zen umea galdu zuen 37. astean, eta oso galdurik sentitu ginen; izan ere, Osakidetzak eta erakunde publikoek ez dute gai honi lotuta laguntzarik ematen, psikologo pribatuak lanez lepo daude... Bikotekideak Mara erditu behar izan zuen, eta ez nekien nola prestatu behar zuen edo nola lagun niezaiokeen. Ikaragarri ondo tratatu gintuzten emaginak eta ospitaleko bestelako profesionalek, baina zerbait gehiago behar genuen. Prozesu horretan, Esku Hutsik elkartearekin egin genuen topo. Esku Hutsik gurasoek sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta hilda jaiotako edo jaioberritan hildako seme-alaben heriotza dela eta, dolua bizi izan duten edo bizitzen ari diren familiei laguntza ematea du helburu. Gurea bezalako egoerei ikusgarritasuna eman behar zaie, eta horregatik animatu ginen jardunaldietan parte hartzera eta gure esperientzia azaltzera. Halako heriotzak gertatu egiten dira; uste duguna baino askoz gehiagotan, gainera. Gai mingarria da eta ezkutatu egiten da askotan; zaila da gaiaz hitz egitea. Badirudi hitz egiten ez dena ez dela existitzen, baina oso garrantzitsua da dolu perinatalaren gaia gizarteratzea, eta egoera bizitzen ari diren familiek ikustea ez daudela bakarrik.

Galera baten ondoren, dolu prozesua oso pertsonala izan daiteke. Nola bizi izan zenuen zuk?

Hasieran oso bakarrik sentitu ginen, ondo gogoratzen dut sentipen hura. Bikote gisa, asko elkartu gintuen zerbait izan zen, eta hori arraroa da, alderantziz gertatzen baita sarritan. Horrelako galera handi bat izanda, ordea, elkar ezin ginela galdu pentsatu genuen, eta bidea, guk aukeratutako bidea, zaila izan den arren, ondo joan zaigu. Ospitaletik atera orduko psikologoarengana joan behar genuela erabaki genuen, eta lasai eta eroso sentiarazten gintuen bat aurkitu genuen. Ordutik –duela bi urte pasatxo– laguntza jasotzen aritu gara, eta alta psikologikoa eman berri digute. Terapia pribatuaz gain, talde terapietan ere parte hartu dugu. Azkenean, zure egoera berdina bizi dutenekin edo antzeko mina dutenekin hitz egiteak eta epaitua ez zarela sentitzeak asko laguntzen du. Guri gertatu aurretik, inoiz ez nuen pentsatu horrelako zerbait pasa zitekeenik, eta horregatik, gurea bezalako kasu gehiago izan direla jakiteak bakarrik ez gaudela sentiarazi digu.

"Hitz egiten ez dena ez da existitzen, baina oso garrantzitsua da gaia gizarteratzea"

Une zail horietan zer behar izan zenuten gehien? Zerk lagundu zizuen aurrera egiten?

Nik sabelean eraman nuen 4 urteko semea dugu, Markel; gero, bigarrena, Mara, 37. astean hil zen nire bikotekidearen barruan; eta urtebeteko beste txiki bat dugu, Lea, nire bikotekideak izandakoa. Prozesuan zehar izan dugun motorra Markel da. Motorra izan da kalera irten nahi izateko, motorra izan da sendatzeko eta bizi normalera itzultzeko, motorra izan da beste haur bat izaten ausartzeko... Doluaz hitz egiteko motorra ere izan da Markel, umeek naturaltasun osoz hitz egiten baitute, eta guk hasieratik azaldu genion arreba hil zitzaiola. Berak, orain, egunero hitz egiten du arrebaz, haren argazkiak ikusten ditu, eta horrek asko laguntzen du normaltasunera itzultzen. Beraz, Markel izan da gure motorra.

Terapia pribatua nahiz talde terapiak egin dituzuela esan duzu, baina familiak eta lagunek nola bizi izan dute prozesua? Dolu perinatalari buruz hitz egitea oraindik ere zaila dela uste al duzu?

Oso gauza pertsonala dela uste dut, familia edo pertsona bakoitza desberdina delako. Orokorrean, gizartea ez dago prest dolu perinatalaz hitz egiteko. Gurasoak edo aitona-amonak hilez gero, doluminak ematen ditugu, baina bizitza bat espero duzunean eta bat-batean galtzen duzunean, asko aldatzen da kontua. Gizartea ez dago hori onartzeko prest. Gure kasuan, familia ondoan izan dugu behar izan dugun guztietan, eta oso garrantzitsua den lagun sarea osatu dugu. Asko sostengatu gara familian eta lagunartean, eta asko lagundu digute. Eta nola ez, terapia. Hiru oinarri horiek izan ditugu.

Alta psikologikoa jaso berri duzuela adierazi duzu, baina dolua bera inoiz amaitzen al da?

Doluak fase batzuk dituela uste dut, eta ikasi dut neure burua kokatzen, zer sentitzen ari naizen jakiten. Nire dolua, adibidez, haserrearekin hasi zen; mundu guztiaren kontrako haserrea sentitzen nuen. Ez nuen ulertzen zergatik gertatu zitzaigun guri, eta haserretuta nengoen sistemarekin, edozein komentariok eragiten zidan... Haserre hori, gero, pena bihurtu zen, eta, orain, ez nuke esango dolua gainditu dudanik, ezin dela gainditu esango nuke, baina bai onartu. Zure alaba beste puntu batean kokatzen ikasten duzu; nire etxean Mararen argazkiak leku guztietan daude, beste umeen argazkiak dauden bezala. Marak beste seme-alaben espazio bera du. Nostalgiatik hitz egiten eta sentitzen ikasten duzu. Batzuetan emozionatu egiten zara, baina ez minaren ikuspuntutik. Bestela ezingo nuke nire esperientzia azaldu, ezingo nuke elkarrizketa hau eman. Onartu dugu Mara ez dela egongo baina gure familiako parte dela, bost kideko familia garela, eta ezingo dugula berarekin gozatu. Lasaitasunetik bizi dugu orain egoera, baina horra iristea ez da erraza: asko hausnartu behar da, bidea luzea da.

"Nire dolua haserrearekin hasi zen, mundu guztiarekin haserre nengoen"

Gaiari ikusgarritasuna ematea garrantzitsutzat jo duzu, baina zer aholkatuko zenioke dolu perinatalean dagoen pertsona edo familia bati?

Niri balio izan didana zer den azal dezaket, eta ni oso pertsona itxia izan naiz beti nire sentimenduak adierazteko orduan. Hau da, barrura begira bizi izan naiz beti, eta prozesu honetan zehar, dena kanpora ateratzeak on egin dit. 'Oso gaizki nago' esateak on egin dit, ez bakarrik barrua husteko, zure umetxoari tokia emateko baizik. Jendeak ez badu ezagutzen, askotan ez dela existitu dirudi, baina ez da nire kasua izan; nik ezagutu nuen, nik besoetan izan nuen, usaindu egin nuen, jantzi egin nuen, haren argazkiak ditut... Ume hori existitzen da. Horregatik, hitz egiten baduzu, bere lekua ematen diozu, eta niri asko lagundu dit horrek. Gainera, laguntza profesionala eskatzea eta jasotzea ezinbestekoa da. 

Zer eskatuko zenieke erakunde publikoei?

Osakidetzari eskatuko nioke dolu perinatalak ospitaletan laguntza espezifikoa izatea. Minbizia dutenek oso egoera zaila bizi dute, eta onkologikoetan horretarako profesionalak dituzte; zainketa aringarriak behar dituztenek ere badute beraientzako egokitutako laguntza. Baina dolu perinatala ere oso zaila da kudeatzen, eta kontuan hartu behar da. Familia horiei laguntzeko zerbait behar da; izan ere, shock egoeran egon ohi dira. Une horietan lehen laguntzak eta pausoak oso garrantzitsuak dira; beraz, nire eskaera gaia serio hartzeko da, profesionalak jar ditzatela eta ez dezatela familiaren bidea zaildu psikologoa eskatzeko orduan. Buru osasuna garrantzitsua da, eta garaiz esku hartzen bada, dolu bat ez da trauma edota depresio bilakatuko. Har ditzagun neurriak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide