Orioko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana osatzeko prozesuaren barruan, herritarrei eta herriko eragileei irekitako bilera egingo dute ostegunean, 18:00etan, udalbatzar aretoan. Saioa Bizikerreko Ander Irazustak gidatuko du, plana lantzen ari den taldeko kideak, eta helburua Orioko mugikortasunaren inguruko diagnostikoa osatzea izango da, baita etorkizuneko ekintza plana diseinatzen hastea ere.
Horretarako, herritarren iritziak, esperientziak eta proposamenak jasotzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu du udalak, eta herritarrak eta eragileak saioan parte hartzera gonbidatu nahi ditu, bakoitzaren ekarpenek herriko mugikortasun eredu jasangarriagoa diseinatzen lagunduko dutelako.