Herriko Plaza elkarte gastronomiko erraldoi bihurtu da gaur eguerdian, Parrilla Festaren barruan. 13:30ean hasita, herritarrak pixkanaka elkartzen joan dira plazan, taldeetan banatuta. Talde bakoitzak Orioko arraindegi batean erositako arraina ekarri du, eta parrillan egin dute herriko parrilleroen laguntzaz. Ekimenaren helburua herritarrak elkarte gastronomikoen ohitura eta giroaren inguruan biltzea eta parrillan arraina prestatzeko modua erakustea izan da.
Talde batzuk lehenago iritsi dira, eta bazkaltzen hasi dira. Beste batzuk, berriz, beranduxeago iritsi dira. Hori horrela, eguerdian zehar giro lasaia eta festazalea nagusitu da, solasaldi, edari eta sagardo txotx artean. Herriko tabernek prestatutako hainbat errazio izan dituzte lehen plater gisa: entsalada, txanpinoiak, txipiroiak eta txuleta-paella, besteak beste, baita postrea eta edaria ere. Ondoren, talde bakoitzak ekarritako arraina dastatu eta giro paregabeaz gozatzeko aukera izan du.
Parrilla Festak aurrera jarraituko du gaur iluntzean eta bihar eguerdian. Hona hemen egitaraua:
Gaur, larunbata
- 20:05. Sasoiko arrainen pintxo-potea.
Bihar, igandea
- 12:00. Txakolin Eguna. Herriko ekoizleen uztaren dastaketa.
- 12:30. Aldapa elkartearen marmitakoa eta herriko tabernen errazioak.