Palestinako genozidioa salatzeko elkarretaratzea egingo dute urrian 8an, udaletxe aurrean

Julene Sorarrain

Herritar talde bat, iraila hasieran Orioko udaletxe aurrean, Palestinaren aldeko elkarretaratzean. (Julene Sorarrain)

Gernika-Palestina herri ekimenak elkarretaratzera deitu ditu Euskal Herriko udaletxe guztien aurrean, eta Orioko taldeak ere bat egin du deialdiarekin. Plazan elkartuko dira, 19:00etan, Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean. 

Palestina-Orio taldeak bat egin du Gernika-Palestina herri ekimenak deitutako mobilizazioarekin, eta elkarretaratzera deitu dute urriaren 8an, osteguna, 19:00etan Herriko Plazan. Herri ekimenaren helburua da Euskal Herriko ahalik eta udaletxe gehienen aurrean kontzentrazioak egitea, Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean.

Hilabete hasieran Donostiako Alderdi Ederren egindako agerraldian, Gernika-Palestinak gogora ekarri zuen hiru urte ondoren, "egoera okerrera" doala Palestinan eta, "oro har, munduan zehar". "Genozidioa eta horrek dakarren des-humanizazio forma guztiak nagusitzen ari dira eta ezin dugu inondik inora egoera tamalgarri hau normalizatu: gosea gerra arma gisa baliatzea, lurraldea inpunitate osoz berenganatzea".

Elkarteak, halaber, azpimarratu zuen Israelgo ejerzitoak "Gazaren %60a baino gehiago berenganatua" duela, eta iazko urriko su eten adostutik "ia 1300 pertsona erail" dituela. "Horietatik 270 haurrak dira, eta 8.000 gorpu errekuperatu ezinik daude Gazan". Agerraldian egindako adierazpen guztiak irakurri daitezke hemen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide