Martxa onean doaz Anibarko Portuko bidegorri zati berriko lanak

Onintza Lete Arrieta

Joan den astean hasi zituzten Gaztetxe ingurua Ortzaikako bidegorriarekin lotzeko lanak, eta denera zortzi aste irautea aurreikusi du udalak. 

Joan den astean hasi zituzten Anibarko Portuan bidegorri zati berria egiteko lanak. Zortzi asteko iraupena izango dute, eta bidegorri berriak Gaztetxearen ingurua eta Ortzaikako bidegorria lotuko ditu. 

Lanak martxa onean doaz, atzo goizeko irudietan ikus daitekeenez. Errioaren ondoko pasealekuan, Gaztetxearen amaieratik Anibarko Portuaren amaierara arte dagoen berdegune luzearen zati bat erabiliko dute bizikletentzako errepidea egiteko. 

Anibarko Portua eta herrigunea lotzeko hurrengo lanak Dike eta Arozena eremuan egingo dituztela ere iragarri du Orioko Udalak, "eremu horiek garatzen direnean". Izan ere, epe motz-ertainean etxebizitza blokeak egingo dituzte bi gune horietan. "Helburua da, pixkanaka, herriko hainbat gune lotuko dituen bidegorri sare jarraitua osatzea eta eguneroko joan-etorrietan oinezkoen zein bizikleten mugikortasun segurua eta erosoa sustatzea", esan du erakundeak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide