Herriko komunitate energetikoa martxan jartzeko urrats garrantzitsua emango dute gaur arratsaldean: izena emandako herritarrekin bilera egingo dute Orioko Udalak eta Goienerrek, elkartea eratzeko eta komunitateko kide izateko eman beharreko urratsak azaltzeko. Saioa 18:00etan hasiko da Kultur Etxean.
Udalak komunitate energetikoan parte hartzeko 200 eskaera baino gehiago jaso ditu, "hasieran aurreikusitakoak baino nabarmen gehiago". Azken hilabeteotan, Goienerrek banan-banan aztertu ditu izena eman duten herritarren elektrizitate kontsumoak, eta hala kalkulatu dute eskatzaile bakoitzari dagokion energia paketea eta ordaindu beharko lukeen harpidetza kuota, baita urtean elektrizitate fakturan izan lezakeen aurrezpenaren estimazioa ere.
Udalak azaldu du irailaren 18an posta elektronikoz bidali zitzaiela informazio hori izena eman zuten herritarrei, eta gaurko bileraren deialdia ere denek jaso dutela.