Orioko Udalak eta Zerbitzu Psikosozial eta Soziohezitzaileak Gurasotasun Positiboko Topaketak antolatu dituzte urrirako, 0 eta 3 urte bitarteko seme‑alabak dituzten gurasoei zuzenduta.
Lau saio izango dira denera, Salatxo aretoan egingo dituzte, 16:30etik 18:30era, urriaren 7an, 14an, 21ean eta 28an. Saioak euskaraz izango direnez, behar dutenentzat xuxurlariak egongo dira, hau da, norbaitek itzuli egingo dizkie azalpenak.
Topkaetaren helburua da gurasoei esperientziak elkarbanatzeko eta heziketa ibilbidean laguntza jasotzeko espazio segurua eskaintzea eta parte hartzaileen interesekoak diren gaiak malgutasunez eta konfiantzaz landu ahal izatea. Hala, gurasoen arteko topaketa eta elkarrizketa sustatzeko espazio bat izango da.
Saioetako edukiak parte hartzaileek adierazitako kezka, beldur eta beharretara egokituko dituzte, eta familiei erraztasunak emateko, seme‑alabak tailerrera eraman daitezke, adin tartea edozein dela ere, eta gunean egoteko aukera izango dute.
Tailerrek gurasotasunari lotutako eduki ugari jorratuko dituzte, ikuspegi praktiko eta hurbiletik. Saioetan zehar, gurasoek haurraren garapenari, esperientzia sentsorialari, jolas egokituari eta atxikimenduari buruzko gakoak ezagutuko dituzte. Horrez gain, haurraren erritmo biologikoak eta errutinak zaintzearen garrantzia, heziketa eredu positiboa, oinarrizko beharrak eta autoestimuaren oinarriak ere landuko dira.
Saioen edukia eta izen ematea
Aurreneko saioan, taldekideen arteko elkar ezagutza, emozioen lanketa eta autozainketaren garrantzia izango dira ardatz. Bigarren saioan, zentzumenen bidezko esperientziei, oinarrizko beharrei eta jolasaren garrantziari buruzko tertulia egingo da. Hirugarren eta laugarren saioetan, berriz, haurraren garapena, esperientzia sentsoriala, jolas egokitua eta atxikimendua sakonduko dira, eta horiekin batera heziketa eredu positiboa eta autoestimuaren garapena ere jorratuko dira.
Parte hartu nahi duten familiek izena eman dezakete edo informazio gehiago eskatu bide hauen bidez: 943-83 0346 (luz. 6) / 684 80 48 71 telefonoetan edo orioghzerbitzua.lorratz@gmail.com eta gizartebulegoa@orio.eus posta helbideetan.