Bidegorri berria egiten hasiko dira aste honetan, Gaztetxearen ingurua eta Ortzaikako bidegorria lotzeko

Onintza Lete Arrieta

Anibarko Portua. (Onintza Lete Arrieta)

Anibarko Portuko lanek zortzi aste iraungo dute eta 207.000 euro kostatuko dira, baina lanen erdiak aldundiaren laguntza batekin ordainduko dituzte. Trazatuaren inguruan puntu ilun gisa identifikatutako eremua ere argiztatuko da, "inguruko segurtasuna hobetzeko".

Orioko Udalak jakitera eman duenez, aste honetan bertan hasiko dituzte Anibarko Portuan bidegorri zati berria egiteko lanak. Zortzi asteko iraupena izango dute lanek, eta bidegorri berriak Gaztetxearen ingurua eta Ortzaikako bidegorria lotuko ditu. Lanak Orioko bidegorri sarea osatzeko plangintzaren barruan egingo ditu udalak. Helburu nagusietako bat oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza egokia eta segurua bermatzea izango da. "Inguruak, gainera, ezaugarri oso egokiak ditu bizikletaz zein oinez ibiltzeko: eremu laua da eta Oria ibaiaren ertzetik igarotzen da", nabarmendu du udalak.

Horrez gain, trazatuaren inguruan puntu ilun gisa identifikatutako eremua ere argiztatuko da, "inguruko segurtasuna hobetzeko".

Lanak Eregi Herrilan eta Zerbitzuak S.L. enpresak egingo ditu, 207.219,63 euroko aurrekontuarekin, BEZ barne. Udalak azaldu du 100.000 euroko dirulaguntza jaso duela Gipuzkoako Foru Aldunditik lan horiek egiteko. 

Aurrera begirako asmoa

Anibarko Portua eta herrigunea lotzeko hurrengo lanak Dike eta Arozena eremuan egingo dituztela ere iragarri du Orioko Udalak, "eremu horiek garatzen direnean". Izan ere, epe motz-ertainean etxebizitza blokeak egingo dituzte bi gune horietan. "Helburua da, pixkanaka, herriko hainbat gune lotuko dituen bidegorri sare jarraitua osatzea eta eguneroko joan-etorrietan oinezkoen zein bizikleten mugikortasun segurua eta erosoa sustatzea", esan du erakundeak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide