Orioko XX. mendeko arrantza, "oraindik usaindu eta ukitu daitekeen" itsas ondare eta jakintza hori guztia, jaso nahi du herriko kofradiak galdu aurretik, eta bi urte daramatzate lan horretan Jon Agirresarobe Torrotxo eta Pedro Migel Uranga herritarrek. Afizionatuak dira, hala nabarmendu nahi dute, eta aztertzeko gai asko daudela ere azpimarratu dute. Hasiak dira bildutako informazioa herritarrekin partekatzen. Maiatzean eman zuten aurreneko hitzaldia, Balearen Egunaren harira, eta bihar eskainiko dute bigarrena, Parrilla Festaren egitarauaren barruan (Kultur Etxean, 19:00etan). Ikertutako guztia azaltzeko hitzaldiak motxetxo gelditzen direla jabetu dira, ordea, eta Gukarekin elkarlanean, Moila bete bapore izeneko podcasta sortu dute.
"Uste dut oso interesgarria eta ulergarria egingo zaiela herritarrei"
Pedro Migel Uranga
Irailaren 29an hasita, asteartero eskainiko dute saio bat hogei astez jarraian orioguka.eus eta guka.eus atarietan. Bost bat minutuko iraupena izango dute atalek, eta Agirresarobek eta Urangak beraiek jarri diete ahotsa. Hirugarren ahots bat ere sartu dute, Marivi Morei oriotarrarena. Urangak azaldu du nahita aukeratu dutela emakumezko ahotsa: "Oso zaila egin zaigu emakumeei buruzko informazioa aurkitzea aktetan eta, baina badakigu nolako garrantzia izan zuten Orio bezalako herri arrantzale batean: zutabeetako bat izan ziren, haiek huts egin izan balute sistema osoa eroriko zatekeen, eta horregatik ere nahi genuen emakume ahotsa sartzea podcastetan".
Aurreneko kapitulua
Lokuzioarena esperientzia "berria eta oso polita" izan dela azaldu du Urangak. "Jonek egin du gidoia, eta uste dut oso interesgarria irudituko zaiela herritarrei, erraz ulertuko dutela", gaineratu du. Agirresaroberentzat, podcastak egitea "arrantzaleentzat barra gurutzatzea bezala" zen, "itsaso ezezagun batera ateratzea". Horretan bazkide bat behar zutela azaldu du, eta hala jo zutela Gukarengana.
Agirresarobek aitortu du ez dela erraza izan gidoiak egitea, baina gai txiki asko daudenez, aurreneko kapitulua, esaterako, oso zehatza izango da: baserritar-arrantzale binomioaz ariko dira, hasi eta buka. Barraren gaiari, berriz, bizpahiru kapitulu eskainiko dizkiote, baita arrantza teknikei ere. "Kapitulu batzuk ixteko errazak dira, eta beste batzuk kateatu egiten dira bata bestearekin", azaldu du Agirresarobek.
"Kapitulu batzuk ixteko errazak dira, beste batzuk kateatuta daude"
Jon Agirresarobe 'Torrotxo'
Urangak, berriz, nabarmendu du edukiaren zati bat oso herri mailakoa dela, baina beste zati bat orokorragoa dela, arrantza munduarena, eta Oriorako ez ezik, kostako beste herrietarako ere balio duela, izan Getariarako, Zumaiarako nahiz Zarautzerako.
Hiru ahots, hiru rol
Testu bakoitzari ahotsa jartzerakoan, "koherentzia" mantentzen saiatu direla esan du Agirresarobek: "Pedrok eta biok itsasoaren eta lehorraren artean banaketa eginda daukagu; ez dauka zentzurik ni itsaso kontuez aritzea bera armadorea izan zenean. Hortaz, itsasoko lanez aritu da Pedro gehienbat, eta ni, berriz, arrantzak herrian zeukan eraginaz, kofradiaz, esaterako". Moreik, berriz, bibliografiak-eta aurkeztu ditu; alegia, hirugarren pertsonek esandakoak.
Aurreneko pilulak entzunda, gustura dira emaitzarekin. "Gu ez gara profesionalak, eta nabari da, bakoitzak bere erritmoa duelako, baina natural gelditu da, eta argi erakusten du proiektua bera ere nondik sortu den", kontatu dute. Podcastak egiteko Gukako lantaldaren laguntza teknikoa jaso izanarekin ere oso gustura dira. "Izerditan atera ginen grabaketatik, eta lan zoragarria egin dute, oso ondo ulertu dute esentzia", nabarmendu dute.
Aurrerantzean ere ikertzen, hitzaldiak ematen eta podcastak plazaratzen segiko dute, eta herritarrak animatu dituzte eduki dezaketen informazioa beraiekin partekatzera, denen artean ondarea behar bezala gorde eta transmititzeko.