Orion aurreneko aldiz egingo dute Txakolin Eguna urriaren 4an, Parrilla Festaren barruan, eta herriko lau txakolindegiek parte hartuko dute: Arbelak, Blaik, Katxiñak eta Zudugaraik. Udalak egin die proposamena, eta herrikoak izanda, ez dute zalantzarik egin: "Kaldorik onena hartu, eta Oriora ekarriko dugu", azpimarratu dute Blaiko Jon de Mariak eta Guillermo Castañosek, Arbelako Ramon Errastik eta Katxiñako Joxe Miel Zendoiak atzo aurkezpena amaitu berritan –Zudugaraiko ordezkaria ez zen han izan–.
Txakolin dastaketa parrilla ekintzen bueltan egitea ideia ona iruditu zaie, eta uste dute herritarrak animatuko direla hitzordura. 6 euroren truke, lau txakolindegietako txakolin-trago bana dastatu ahal izango da.
Aurtengo txakolin uztarekin gustura dira ekoizleak. Lehorragoa izan da eguraldia, eta horregatik, beste urteetan baino hobeto ibili dira gaitz aldetik. Aurten gutxiago baina kaliate hobeagokoa atera dela nabarmendu dute. "Aurten giro lehorragoa eduki dugu, hezetasun gutxiago egon da, eta gaitza gutxiago sartu zaigu. Mahatsa bera ere sanoago etorri zaigu", kontatu dute. "Alea txikiagoa etorri da, baina oso sanoa eta ona, eta beraz, uste dut aurten ere txakolin ona aterako dugula". Nabarmendu dute, gainera, edaria "zona txiki batekoa izan arren, indar handia hartzen" ari dela.