Begi Bistanek antolatuta, datorren irailaren 26an Orioko itsasadarrak Behoria Garbia ekimenaren edizio berri bat hartuko du. Ekimenak, hain justu, Oriako itsasadarra, itsas kultura, ingurumen hezkuntza, tokiko ekonomia eta turismo arduratsua uztartzea du helburu. Atzo aurkeztu zuten egitasmoaren seigarren edizioa Donostian egindako prentsaurrekoan, eta bertan izan ziren Jose Ignacio Asensio, Jasangarritasuneko diputatua; Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua; Olatz Santamaria, Orioko Udaleko alkateordea; eta Naiara Malave, Begi Bistaneko proiektuen arduraduna.
Malavek azaldu duenez, Behoria Garbiak "egun osoko esperientzia" proposatuko du aurten ere, eta goizean goizetik hasita, ingurumen nahiz kultura, hezkuntza eta ekonomia ekintzak eskainiko dituzte herrian zehar. Esaterako, goizeko 09:45etik 13:15era bitartean, Oriako itsasadarra kayak bidez garbituko dute, uretan zein ibaiertzetan pilatutako hondakinak identifikatu eta jasoz. Jarduerak "itsasadarraren balio ekologikoa eta eguneroko ohitura jakin batzuek uretako ekosistemetan duten eragina zuzenean ulertzeko aukera" ematen du. Gainera, jarduera inklusiboa izango da, eta behar espezifikoak dituzten pertsonek aldez aurretik antolatzaileekin harremanetan jarri ahal izango dute, parte hartzea egokitzeko.
Eguerdian, 12:00etatik 13:00etara, zigarrokin bilketa egingo dute Antilla hondartzan. Zigarrokinak abiapuntu hartuta, askotan oharkabean pasatzen diren hondakinek duten eraginari jarriko zaio arreta, Surfriderrekin batera garatutako sentsibilizazio ildoari jarraipena emanez.
Halaber, 11:00etan eta 12:30ean Arraunetxetik abiatuta, bisita gidatuak eskainiko dituzte, Orioren eta uraren arteko harreman historikoa azaltzen duten bitartean. Proiektuak erakutsi nahi du "kultura ondarea ere turismo jasangarriaren funtsezko zatia" dela: zerbait zaintzeko, lehenik ezagutu egin behar da. Arratsldean, berriz, 17:30etik 19:30era, 20 minutu inguruko ibilbideak egingo dira Begi Txikin, Herriko Plazatik abiatuta. Itsasadarra beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izango da, haren paisaia, historia eta udalerriarekin duen harremana interpretatuz.
Hori ez da izango, ordea, arratsaldeko jarduera bakarra. Hain zuzen ere, 16:00etatik 20:00etara bitartean, tokiko ekoizleak, proiektu jasangarriak eta kontsumo arduratsuarekin lotutako eragileak bilduko dira Herriko Plazan jarriko den Eko Azokan. Gainera, 17:00etatik 19:00etara bitartean, ingurumen tailerrak eta familientzako jarduerak eskainiko dituzte plazan. Hondakinak, plastikoak, mikroplastikoak eta eguneroko kontsumo ohiturak izango dira haur zein helduei zuzendutako tailerren ardatzetako batzuk.
Iluntzeko 19:00etatik aurrera, jardunaldiaren azken zatian, herritarren parte hartzea aitortuko da, eta Herriko Plaza topagune bihurtuko da eguna kultur programazioarekin amaitzeko.
Dominguezen esanetan, "Behoria Garbia Gipuzkoan gure lurraldeaz gozatu eta, aldi berean, hura zaintzeko dugun erantzukizun partekatuaren erakusgarri da", eta adierazi du "gure ingurunea beste modu batera begiratzeko gonbidapena" dela. Bestalde, Asensiok azaldu duenez, "gure kostaldearen eta itsasoen kutsadura aurre egin behar diegun ingurumen erronka nagusietako bat da. Gipuzkoan 500 hondakin gune sakabanatu baino gehiago identifikatu ditugu, eta horien %40 kostaldearen inguruan kokatzen da. Horregatik, gure itsasoak babestea kostaldera iritsi baino askoz lehenago hasten da: gure kaleetan, gure herrietan eta gure ibaietan".
Irisgarritasuna eta izen ematea
Parte hartu nahi dutenentzat, garraio publikoaren bidez erabat irisgarria izango da ekitaldia, eta joan-etorrien "ingurumen inpaktua" murrizten lagunduko du. Jardueretarako izen emateak irekita daude ekitaldiaren egunera arte, eta kostu sinbolikoa dute: materiala eta jardueretarako sarbidea. Informazio gehiago eskuratzeko edota izena emateko, antolatzaileekin harremanetan jarri daiteke 654 980 067 zenbakira deituta edota info@begi-bistan.com helbidera idatzita.