Mikel Etxarri: "Eskuin muturrari ez zaio batere axola Ceutan gertatzen ari dena"

Julene Frantzesena

Mikel Etxarri kazetaria, Ceutan lanean ari zela. (Utzitakoa)

RTVE Espainiako telebista publikoaren Mañaneros 360 saioko kazetaria da Mikel Etxarri (Orio, 1999). Uztailaren 31n, hara milaka migratzaile iritsi biharamunean, Ceutara joan zen lanera, eta han bizi izandakoez aritu da solasean Gukarekin. Azken egunetan asko zabaldu da Etxarriren irudia; izan ere, joan zen astean "Ceutaren alde" protestan ari ziren herritar batzuen erasoa jaso zuen Madrilen. Ultraeskuina egoeraz baliatzen ari dela eta haren diskurtsoa mugarik gabe hedatzen ari delakoan dago Oriokoa.

Milaka lagun iritsi biharamunean, Ceutara joan zinen lanera. Zerekin egin zenuen topo?

Krisia hasi zenean, Ceutara joango al nintzen galdetu zidaten lankideek, eta baiezkoa emanda, uztailaren 31 goizean iritsi nintzen hara, kamerari euskaldun batekin batera. Eguna lainotuta zegoen, eta ferrytik jaitsi eta hanka bat lurrean jartzerako ohartu ginen egoera zaila zela. Umeak hanka hutsik ikusten ziren han eta hemen, noraezean, emakumeak haurdun ere bai... Horrek eragin zidan zirrara gehien; ezin nuen prozesatu pertsona horiek denak nola sartu ziren itsasora, ezer gabe, igerian jakin gabe, etorkizun hobe baten bila. Pentsa nola egongo ziren beren herrialdeetan, hori egiteko. Halaber, hiria kolapsatuta zegoen, 24 ordutan 80.000 lagun iritsi zirelako. Lehen uneko sentipena zera izan zen: jendea galduta zebilen, bueltaka, noraezean. Bezperan ikusi nituen irudiak, irudikatzen nuen kolapsoa, baina giza krisi hori ikustea... Ez dakit nola deskribatu ikusi nuena. 

Afera deskribatzeko erabilitako hizkuntza ere ez da salbuespena. Kazetaritza ikuspuntutik, zilegi al da inbasio hitza erabiltzea?

Ez zait iruditzen egokia denik. Norbait leku bat inbaditzera joaten denean, horretarako behar dituen erreminta guztiekin joaten da. Ceutara iritsitako pertsonek ez daukate ezer; iritsi dira Marokotik, Ghanatik, Guineatik, Senegaldik, eta ez daukate ezer. Tarajalera joan ginenean, itsasoa flotagailuz eta koltxonetaz beteta ikusten zen. Ikusi genituen igerian ez zekiten pertsonak soinera plastikozko botilak lotuta, flotatzen eta bizitza salbatzen lagunduko zietelakoan. Ez dut uste pertsona bat baldintza horietan joaten denik herri bat inbaditzera. Hizkuntza oso garrantzitsua da, eta ez dut uste ondo ari garenik erabiltzen gertatzen ari denaren aurrean. Gainera, badira egoera hobetzerik nahi ez duten talde batzuk. 

Ultraeskuinak hainbat diskurtso haizatu ditu azken hilabeteetan, eta horiei lekua egin diete hedabideek: migratzaileen aurkako gorrotoa, segurtasun faltaren mamua… Areagotzen ari al dira diskurtso horiek?

Bai, guztiz. Gezurretan ari dira oinarritzen, gainera. Eskuin muturrari ez zaio batere axola Ceutan gertatzen ari dena, eta uste dut gertatzen ari dena gasolina izan dela talde horientzat. Ceutan ari da jendea migratzaileei laguntzen, egoera hobetzeko lanean, eta haien lana zapuzten ari ziren ultraeskuineko talde batzuk. Talde horien helburu bakarra gorrotoa sustatzea da, beren interesen mesedetan. Zentzu horretan, ez dakit ultraeskuinaren hazia noraino iritsiko den. 

Asteen joanarekin, badirudi ceutarren eta migratzaileen arteko gudu zelai bilakatu dela Ceuta. Bada, baina, beste aurpegi bat ere: migratzaileei laguntzen ari diren herritarrena.

Asko dira, gainera, eta esan egin behar da. Elkarrizketatu nuen beste hainbat lagunekin batera bere etxean ehunka lagunentzat jatorduak prestatzen zituen emakume bat, baita adin txikikoen zentrora sakeleko telefonoen kargagailuak eramaten zituen beste emakume bat ere. Ceutara bakarrik iritsi dira adin txikiko asko, eta haiek ezin dute familiarekin komunikatu, ez dutelako horretarako baliabiderik. Asko dira egoera hobetzeko laguntzen ari diren herritarrak, elkartasuna badago, baina hori ez da nahikoa. Erakundeek modu argian lagundu behar dute, hala egin ezean, ez baita konponduko egoera. 

Egoera hobetzen ari al da?

Iritsi berri askorekin hitz egiteko aukera izan nuen, eta hitz gutxitan bada ere, iruzur egin zietela esaten zuten. Batzuek pentsatzen zuten iritsi eta lanean hasiko zirela, eta beren herrialdeko egoera alde batera utziko zutela, baina... Erabat lotuta daude, ezin dute ezer egin, eta etxera itzultzea baino Ceutan hiltzea nahiago zutela esan zidan batek baino gehiagok. Gogorra da hori entzutea. Asteotan egoera zertxobait hobetu dela uste dut; izan ere, ni iritsi nintzenean milaka ume zeuden kalean, gurasorik gabe, aterperik gabe, ezer gabe. Han dauden lankideek esan didate Espainaiko Gobernuak baliabide gehiago jarri dituela, nahiz eta oraindik egoera lazgarria den. 

Gau eta egun hedabide hainbatetan ikus daitekeen sumindura giro hori bizi izan al zenuen zuk? Hedabideetan esaten dena eta han ikusitakoa bat al datoz?

Oro har, bai. Sumindura hori nondik datorren aztertu behar da, ordea. Izan ere, aspalditik datorren zerbait da, urteak dira ultraeskuina gizaki batzuk besteak baino hobeak direla esaten ari dela. Afera ez da sortu 24 ordutan; Ceutakoa edalontzia betetzeko falta zen tanta izan da. Talde hainbatek denbora daramate diskurtso sinplistak, ultrak eta gorrotoz beterikoak lau haizetara zabaltzen; denbora daramate "kanpotarrak lana kentzera datoz" edo "kanpotarrak emakumeak bortxatzera datoz" gisakoak esaten, eta inork ez ditu gelditzen. Ceutakoaren gisako zerbait gertatzen denean, talde horiek egoera baliatzen dute beren diskurtsoa justifikatzeko; "guk esan genuen hau gertatuko zela", esaten dute. Gero eta jarraitzaile gehiago dituzte...

Espainiako telebista publikoko kazetari hainbatek jasan dituzte erasoak azken egunetan. Zergatik jarri dituzte kazetariak jomugan?

Ultraeskuineko taldeek askotan esan dute hedabide batzuetako kazetariak ez direla kazetariak eta 'erregimenarentzat' lanean ari direla; egunero Espainiako Gobernuak esaten dietela zer argitaratu behar duten. RTVEra su jaurtigailuarekin sartu behar dela ere esan izan dute... Boterea duten pertsonek hori esaten baldin badute, eta hiru milioi pertsonak botoa ematen badiete, norena da gero gertatzen denaren erantzukizuna? Entzun ditugu ederrak lanean ari garela, baina orain indarkeria fisikora jo dute. Noraino iritsiko gara? 

Zuk Madrilen jaso zenuen erasoa, joan zen astean, hainbat herritarrek Kongresuaren aurrean "Ceutaren alde" egindako elkarretaratzean. Zer-nola bizi izan zenuen une hura?

Ez dut oso ondo gogoratzen, egia esan. Urduritasunez eta antsietatearekin bizi izan nuen unea, eta disoziatuta nengoen. Banekien TVEko mikrofonoa izateagatik isekak jasoko nituela, baina ez nuen espero gertatu zena gertatzea; hogei lagun kamerariaren eta nire bueltan bildu ziren, eta jo egin gintuzten. Ez nekien egoera nola kudeatu, ez nuen ulertzen gertatzen ari zena, eta hori nabari daiteke bideoetan; nire aurpegiak hori irudikatzen du. Erasoaren osteko 48 orduak infernua izan ziren; sare sozialetan mezu pila bat jaso nituen, hedabideetatik deitzen zidaten, telebistan nire aurpegia ikusten nuen... Gain hartu zidan egoerak. Egunen joanarekin, ez zela ezer pasatu eta lesio txikiak eragin zizkidatela pentsatzen dut, baina gehiagora joan izan balitz? Hori bai, salaketa jarri dut.

Euskal Herrian ere egin dituzte "Ceutaren aldeko" elkarretaratzeak...

Ultraeskuina oso ondo ari da hazia zabaltzen, migratzaileen aurkako mezuak hedatzen: bizitokia kentzera datozela, lana kentzera, gure bizitzak aldatzera, emakumeak bortxatzera...Gorrotoa zabaldu nahi dute, besterik ez, eta diskurtso oso arriskutsuak dituzte. Munduan gertatzen diren gauza txar guztien errudun egin nahi dituzte migratzaileak.

Egoera baretuko al da?

Ez. Guri gertatu zitzaiguna justifikatzen saiatu ziren talde ultra batzuk, eta sare sozialetan izugarriak idatzi dizkidate: merezi nuenaren aldean ez zaidala ezer gertatu esan didate. Erakundeak eta alderdi politikoak talde horiek gaitzesten hasten ez baldin badira, halakoak egiten segitzeko legitimatuta sentituko dira. Baina ez zaie egoera konpontzerik interesatzen. Begira, Ceutan ezagutu nituen bizilagunak ez ziren batere biolentoak; inork ez gintuen jo, inork ez zigun iseka egin, eta Madrilen... Leku guztietan bezala, han ere izango dira astakirtenak, baina nik ez nuen halakorik bizi izan. Han ohituta daude kulturaniztasunean bizitzera, hainbat erlijiotako eta ikuspegi politikotako herritarrak elkarrekin bizi dira, batere arazorik gabe. Espainiako beste leku batzuetatik espreski horretara joandakoek sortu dituzte han arazoak. 

Ceutako egoera konponduko al da?

Nolabait konpondu beharko du, ezin dituzte milaka lagun kalean botata utzi, baina ez dakit noiz konponduko den. Gaur-gaurkoz, Ceutara iritsitako herritarrak kale gorrian daude, eta gizakiak dira, baina batzuk ez dira ohartzen hala direnik. Konponbidea behar da, nahiz eta badiren egoerari aterabidea ez aurkitzeko interesak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide