Eneritz Ibarra: "Benitoren ondarea belaunaldi berriei transmititzea da xedea"

Julene Sorarrain

Eneritz Ibarra ilustratzailea. (Julene Sorarrain)

Eneritz Ibarraren Benito, herriaren kantua proposamenak jaso du Sormen Bizian beka. Benito Lertxundiren kantu, gogoeta eta iruditeriarekin ibilbide bat sortzea nahi du.

Orioko Udalak aurten eman du estreinakoz Sormen Bizian beka. Euskarazko kultur sorkuntza sustatzea eta sortzaileen sormen prozesuak babestea da bekaren xedea, eta lehen edizioan 7.000 euro jarri ditu erakundeak proiektu irabazlea laguntzeko. Udaberrian zehaztu zuen udalak lehen edizioaren aztergaia: Benito Lertxundiren biografia eta obra artistikoa. Bada, bekaren oinarri arautzaileetako prozedura jarraitu ondoren, epaimahaiak aurkeztutako proiektuak baloratu zituen, eta Eneritz Ibarra (Eibar, Gipuzkoa, 1982) ilustratzailearen Benito, herriaren kantua proiektuak jaso zuen puntuazio altuena.

Sormen Bizian bekaren lehenengo edizioan, zure proposamena aukeratu dute. Nola jaso zenuen berria?

Hain justu, Sormen Bizian LABen [bekaren oinarrian dagoen proiektua] ilustratzaile lanetan ari nintzen bitartean izan nuen bekaren berri, baina ez nion buelta askorik eman. Bekaren aztergaia Benito Lertxundiren obra izango zela iragarri zutenean ere, "hau ez da niretzat!" izan zen nire lehen pentsamendua. Izan ere, gai potoloa iruditu zitzaidan, baina buruan bueltaka geratu zitzaidan, satelite bat bezala.

Bekaren aztergaia, hain zuzen, Benito Lertxundiren obra izan da. Zein ideia etorri zitzaizkizun burura gaia jakin bezain laster?

Benitok herriari eskaini dion guztiarekin, terreno horretan sartzeak bertigo apur bat eman zidan. Denborak aurrera egin ahala, ordea, ideia bat etorri zitzaidan burura. Asteasun [Gipuzkoa] bada Muskerraren Bidea izeneko ibilbide literario bat. Bernardo Atxaga idazlearen lanean, bereziki Obabakoak eleberrian, oinarrituta dago. Aiztondo bailarako natura eta Atxagaren agertoki literarioak uztartzen dituen ibilbidea da, eta batzuetan Atxagak berak gidatzen du bisita; beste batzuetan, gidari batekin ere egin daiteke. Aspaldi bisitatu nuen, eta pentsatu nuen: "Atxagarekin egin badute, zergatik ez Benitorekin?".

Benito, herriaren kantua leloa aukeratu duzu. Zer esanahi du izenburuak, eta zertan datza proiektua?

Nire bakarrizketetan murgilduta nengoela, Benitoren lana Orioko leku zehatz batzuekin uztartzea bururatu zitzaidan. Horretarako, mapa bat egitea pentsatu nuen, eta mapa hori herrira etortzen denari eskaintzea. Azken finean, nor etor daiteke ibilbide hori gozatzera? Bada, askotariko publikoa irudikatu nuen. Izan liteke Nafarroatik turismoa egitera datorren norbait; edo eskolaren bat, literatura musikatik ari dena lantzen eta ibilbidea egitera etorri dena. Eta, batez ere, herritarrak irudikatu nituen ibilbide hori egiten. Izan ere, oriotarrek badituzte istorio eta pasarte pertsonalak Benitorekin. Ibilbide honen bitartez, beraz, alde batetik, norbanakoen istorioak nahasten ditut, eta bestetik, historia kolektiboa. Benito bada euskal kulturan ondare bat sortu duen figura. Bi gauza horiek uztartzen dira, eta bizipenak pizten dira: batetik, Oriorekin, bere herriarekin, duen lotura; eta bestetik, Euskal Herriarekin eta gure nortasunarekin duen lotura. Benitok sortu duen guztia kristoren ondarea da, altxor bat, eta nire proposamenak ondare hori transmititzen lagundu dezake, datozen belaunaldiek gal ez dezaten.

"Euskal kultur ondare immaterialari espazio publikoan lekua ematea" da zure proposamenaren helburua.

Azken finean, ukitu edo aurrez aurre ikusi ezin dugun hori baloratzeko modu bat da. Izan ere, ondare hori espazio publikora eramaten dugunean, jende guztiaren eskura jartzen dugu, eta modu horretan, ondare hori transmititzea ere denon ardura bilakatzen da. Benitoren ondarearen barruan, abestiak ikusten ditudan moduan, haren hausnarketak eta pentsamenduak ere ikusten ditut; berak kantekin nahiz kontuekin transmititu duena, nolabait.

Proposamena zehaztuta duzu. Nola gauzatuko duzu?

Ibilbidea gauzatzeko, lehenik Orion dauden leku posibleak aztertu beharko nituzke, eta ondoren, aukeraketa bat egin. Aukeraketa egiterakoan, ordea, udalarekin eta Benito berarekin kontrastea egiteko unea iritsiko litzateke. Halaber, horrelako formatuak ezagutzen dituztenekin ere hitz egin nahi dut. Izan ere, oraindik ez dakit zehazki formula egokia zein izan daitekeen: gida ala audio-gida batekin, aplikazio bidez, Turismo Bulegoan saltzen den liburuxka baten bidez... Iruditzen zait ez naizela horiek erabakitzeko pertsona egokia, udalak parte hartu beharko luke kontu horietan. Esaterako, Balearen Bideak baditu panelak herrian zehar, eta Atxagaren adibidera itzuliz, ibilbide hura musker itxurako ikurrekin dago irudikatuta; ikur xume bat da eta ez du interbentzio handirik eskatzen espazioan, baina eraginkorra da. Nik aukerak jarriko ditut mahai gainean, eta gero erabakiko da nola gauzatu.

Orioko Udalak euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko sortu du Sormen Bizian beka. Zer iruditzen zaizu egitasmoa?

Sormena bultzatzea, eta bereziki sormena euskaraz bultzatzea, denontzako da onuragarria. Izan ere, garai hauetan, adimen artifizialaren gorakadarekin, ez da batere erraza honetatik bizitzea. Ez dakigu nora goazen, baina denok beharko dugu apur bat sortzaile izatea, eta nire ustez, aukera hauek existitzea zentzuzkoa da.

Benito Lertxundiren unibertsoan murgiltzera zoaz. Zer espero duzu topatzea?

Haurra nintzenetik abestu dizkidate bere abestiak etxean, eta badut nire barruan harreman pertsonala haren figurarekin. Orain, ordea, beste Benito bat aurkituko dut. Bere inguruko magia guztian murgiltzera noa. Gogo handia dut dena martxan jartzeko eta tarte bat izateko, liburuak irakurtzeko edota haren hitzak entzuteko. Ibilbide luze eta oparoa du Benitok, eta lan hau mimoz egin nahi dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide