Orio Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldeak Espainiako Erreginaren Kopa jokatu du asteburuan Rivas-Vaciamadrilen (Espainia), Urrezko Sofbol Liga Nagusian laugarren postua lortu ondoren. Bada, ametsak ihes egin die oriotarrei, laugarren postuan amaitu baitute txapelketa.
Txapelketako lehen partida larunbatean jokatu zuten, ligako txapeldun CBS Rivasen aurka. Madrildarrek, ordea, hasieratik hartu zituzten mendean oriotarrak, eta partida 10-0 amaitu zen, OBBk punturik lortzeko aukerarik izan gabe. Egun berean, baina arratsaldez, bate bizkorrak Kataluniako Viladecansen aurka lehiatu ziren. Aurreko partidan bezala, aurkari gogorra izan zuten zelaian, eta, punturik egin gabe, 10-0 amaitu zen norgehiagoka hura ere.
Emaitzaz haratago, etxeko taldearentzat "lorpen handia" izan da ligan laugarren postua lortu eta Espainiako Erreginaren Koparako sailkatu izana. Hain zuzen ere, OBBren ustez, txapelketa hori "urte osoan zehar egindako esfortzuaren saria" izan da.