Herritar mordoa gerturatu zen atzo iluntzean Orioko Surf Taldeak (OST) antolatutako festara, udari merezitako agurra emateko asmoarekin. Urteroko ohiturari jarraituz, Reggae Gaua izan zen surf lokalaren inguruan, eta aurten ere Hereje Fighters taldeak izan du festa giroa jartzeko ardura. Marmitakoa afaldu ostean, hain justu, reggae doinu alaien erritmora dantzatu zuten bertaratutakoek.
Antolatzaileek kontatu dutenez, dena "zoragarri" atera zen. "Marmitakoa mundiala zegoen eta, azkenean, espero baino jende gehiago gerturatu zen festara". Hereje Fightersen kontzertua ere "oso ondo" joan zela nabarmendu dute, izan ere, festa gaueko 01:45k arte luzatu zuten.
(Argazkiak eta bideoa: utzitakoak).