Reggae Gauarekin agurtuko du uda Orioko Surf Taldeak

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 30a

Hereje Fighters taldeko kideak –bat izan ezik– iaz, Kosta Tailerraren kanpoaldean. (Onintza Lete Arrieta)

Orioko Surf Taldeak (OST) irailaren 4rako antolatu ditu marmitako jana eta Hereje Fighters talde oriotarraren kontzertua. Afarirako izena emateko epea asteazkenean amaituko da.

"Udari amaiera polita eta herrikoia emateko asmoz", marmitako jana eta kontzertua antolatu ditu irailaren 4rako Orioko Surf Taldeak (OST). Urteroko ohiturari jarraituz, surf lokalaren inguruan izango da Reggae Gaua, afaria 21:30ean, eta kontzertua ondoren, 22:00ak aldera. "Hereje Fighters talde oriotarraren eskutik reggae musikaz gozatzeko aukera bikaina" izango dela nabarmendu dute surf taldekoek.

Marmitako jana herritar guztiei irekita dago, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena. Elkartearen lokalean egongo da apuntatzeko zerrenda, eta bazkideak ez direnek surf taldeko bazkide ezagunen baten bidez egin dezakete izen ematea. Horretarako azken eguna asteazkena izango da, irailaren 2a. Egun horretan, 14:00etan amaituko da izena emateko aukera. Afaria 10 euro kostako da pertsonako, eta ordainketa egunean bertan egingo da.

OST-k herritar guztiak animatu ditu uda amaierako festan parte hartzera, "udako azken egun hauetan giro paregabeaz gozatzeko aitzakia ezin hobea baita".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide