Orioko Futbol taldeko gizonezkoen lehen taldeak Gipuzkoako maila gorenenean jokatuko du beste urtebetez, eta taldearen denboraldi honetako helburua aurreko denboraldian baino zertxobait errazago kategoria salbatzea izango da. Hiru aste daramatzate jada buru-belarri lanean sentsazio onekin, denboraldia gogotsu hasteko asmoz. Irailaren 12an, 17:00etan hasita, jokatuko dute denboraldiko lehen neurketa Ordizia futbol taldearen aurka, etxean. Oriokok "herriaren eta harmailaren babesa" espero du lehen partidurako.
Denboraldi aurrea uztailaren 27an hasi zuten, eta aldez aurretik talde bilera bat egin zuten jokalari berriak ezagutzeko. Lagunarteko bi partida jokatu dituzte jada, bata Añorgaren aurka eta bestea Beti Gazteren aurka. Taldeak jakitera eman dutenez "partida politak izan dira eta oso ondo joan dira". Beste hainbat norgehiagoka ere jokatuko dituzte datozen asteetan: abuztuaren 22an, 12:00etan, hirugarren mailako Real Union B taldearen aurka jokatuko dute, Mendibeltzen; abuztuaren 26an, Beasain B taldearekin neurtuko dituzte indarrak; abuztuaren 29an, Hernani izango dute aurkari, etxean; eta azkenik, irailaren 6an, Urnietaren aurka jokatuko dute lagunarteko partida.
Taldean "baja esaguratsu" ugari egon direla eman du jakitera taldeak, Oriokon urte dezentez aritu diren jokalariak, hain zuzen ere. Egoera horri aurre egiteko taldea indartu nahi izan dute. Aurten osatu duten taldea "gaztea eta gosea duen taldea" dela adierazi dute, eta helburuetako bat "izandako konpromisoa eta jarrera harmailari erakustea" dela.
Jon Irureta arduratuko da taldea trebatzeaz, 10 urtez Añorgako kategoria desberdinak entrenatzen aritutakoa. Javi Olaizola eta Iker Urdangarin izango ditu laguntzaile, eta prestatzaile fisiko gisa Aratz Oliden eta Ander Zurutuza arituko dira. Bestalde, atezainen entrenatzaileak Joseba Garrido eta Mikel Saizar izango dira, eta fisio lanetan aritzeko Ibon etorriko da Pasaiatik.
Pasa den denboraldian Orioko urduri ibili zela aitortu du taldeak, izan ere, taldeak zuen egoera ez zen erraza izan. Mailaz igo berri ziren, eta bazekiten urte zaila izango zela. Aurtengo denboraldiari begira, berriz, oso gogotsu daude, eta taldea gogor ari da lanean.
Emakumeak, Ohorezko Mailan
Emakumezkoen lehen taldeak duela bi urte lortu zuen Ohorezko mailara igotzea, eta aurten ere, bertan lehiatuko da. Pasa den astean hasi zuten denboraldi aurrea, hilak 10, eta astebete daramate entrenatzen. Datozen asteetan lagunarteko partidu gehiago jokatuko dituzte: hilak 29, larunbata, Zarautzen aurka jokatuko dute Astin, eta partidu gogorra izango dela azpimarratu du taldeak; irailaren 5ean, Euskaldunaren aurka neurtuko dituzte indarrak, Andoainen; eta hirugarren norgehiagoka irailaren 12an jokatuko dute Lagun Onak taldearen aurka, etxean.
Denboraldiari irailaren 20an emango diote hasiera. Taldean aldaketa dezente egon direla aitortu dute, izan ere, lau jokalari iritsi dira Zarauztik, eta bat Antiguokotik. Baja batzuk ere izan ditu taldeak, esaterako, Amaia Aduriz, Itziar Irastorza eta Maddi Andres, besteak beste.
Aritz Arregi arduratuko da taldea entrenatzeaz, bere anaiari testigua hartu ondoren. Bigarren entrenatzaile gisa Amaia Aduriz arituko da, izan ere, "inork baino hobeto ezagutzen du taldea". Orioko emakumeen lehen taldea dena emateko prest dago, eta denboraldiaz gozatzeko asmoz.