Nueva Ceramica lantegi zaharra birgaitu eta 40 zuzkidura bizitoki egingo ditu Eusko Jaurlaritzak

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 14a

Nueva Ceramica de Orio lantegia. (Wikipedia)

Eusko Jaurlaritza hutsik dauden eraikinak eskuratzen hasi da, etxebizitzak sustatzeko. Erakundeak iragarri du 170 dotazio etxe egitea aurreikusten duela birgaitutako eraikinetan; horietako batzuk Orion. Ez dute proiektuaren gaineko xehetasun gehiago eman oraingoz. 

Eusko Jaurlaritza hutsik dauden eraikinak eskuratzen hasi da etxebizitzak sustatzeko. Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko xedez hartu du neurri hori erakundeak, eta iragarri du Gipuzkoan eta Bizkaian 170 dotazio etxe egitea aurreikusten duela; horietako batzuk Orion. Hain zuzen ere, Nueva Ceramica fabrika birgaitu eta 40 bat etxebizitza egingo dituzte han. 

Eusko Jaurlaritzak ez du proiektu horren gaineko xehetasun gehiago eman, baina adierazi du, Orion ez ezik, Elgoibarren nahiz Elorrion ere egingo dituztela halako etxebizitzak, berreskuratutako eraikinetan. Halaber, Eibarren ere zuzkidura bizitokiak sortzeko epaitegi zaharra eta AIBE industria eraikina birgaitzen ari dira. Gainera, erakundeak adibidetzat jarri ditu dagoeneko amaituta dituzten eta martxan diren gisa horretako proiektuak: Azpeitiko Esklabetako komentuaren hegalekoa eta Arrasateko Sindikatuen Etxekoa. Azpeitian, esaterako, 48 zuzkidura bizitoki daude erabilgarri, eta Arrasaten, berriz, hamabi. 

Erabilerarik gabe dauden eraikin publikoak eta industriara bideratutakoak ari da eskuratzen, batez ere, gazteentzat eta bizitegi premia berezia duten kolektiboentzat zuzkidura bizitoki bilakatzeko. Lehendik dauden higiezinak aprobetxatzea da xedea, lurzoru berririk erabili beharrik izan gabe eta hiri paisaia osatzen duten eraikinak berreskuratuta. Jaurlaritzako Etxebizitza, Zoru eta Arkitektura zuzendari Pablo Garciak esan duenez, eraikinak berrerabiltzeak ondare balioa duten egiturak eta elementuak zaintzea ahalbidetzen du, eta horien higatzea saihestu ere bai. "Komentu, epaitegi edo fabrika bat ostatu eskuragarri bihurtzen dugunean, ondarea berreskuratzen dugu eta bizitegi aukerak sortzen ditugu", esan du. 

1940an itxuraldatutako eraikina

N-634 errepidearen eta errioaren ondoan dago Nueva Ceramica de Orio lantegia izan zen eraikina, Aita Lertxundi kalean. Eraikin horrek gaur egun duen itxura ez da sorreran zuen berbera. 1940an Ignacio Mendizabalek, Jose Ignacio Yereguik eta Luis Tolosak egindako proiektuarekin itxuraldatu egin zuten fabrika, eta Gipuzkoako industria arkitekturan egindako obra razionalistarik esanguratsuenetakoa da. 

Aurretik, 1899. urtetik 1920ko hamarkadara, Alemaniako Schneiderrek sortutako lantegi bat izan zen leku horretan, gresez esmaltatutako hodiak, kubiloteak nahiz fundiziorako adreiluak egiten zituena, baita errefraktatutako lauzak ere. Dena den, enpresa hura itxi egin zuten 1920ko hamarkadan, eta hogei urtera eraberritu zuten Nueva Ceramica de Orio lantegia bilakatu zen erakina.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide