Usurbilen Lehen Nazionaleko taldearen ardura hartuko du Iñigo Morenok

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 14a

Iñigo Moreno. (Utzitakoa)

Eskubaloira lotutako ibilbidea da oriotarrarena, bai jokalari, bai entrenatzaile bezala, eta orain estatu mailako hirugarren mailan lehiatuko den Usurbilgo lehen taldea prestatzeko erronka onartu du.

Iñigo Moreno oriotarrak entrenatuko du Usurbilko eskubaloi klubaren gizonezkoen lehen taldea. Lehen Nazional mailan lehiatzen da taldea, eta abuztuaren hasieratik hartu du haren gidaritza. Usurbilko kiroldegia uda sasoian itxita dagoenez, Urnietako kiroldegian egin dituzte denboraldiaurreko lehen entrenamenduak. 

1979an jaioa, bizitza osoan aritu da Moreno eskubaloian, jokalari bezala hasieran, eta entrenatzaile ondoren. Usurbilgo lehen taldea entrenatzea erronka handia izango du, Espainiako eskubaloiko hirugarren mailan arituko delako. Baikor agertu da lehen egunetan egindako lanarekin: "Ilusio handiz hasi dut etapa hau. Lehen egunetik jokalarien konpromisoa eta lanerako gogoa ikusi ditut, eta hori ezinbesteko abiapuntua da denboraldiari begira".

"Talde ausarta, lehiakorra eta elkarren alde lan egingo duena eraiki" nahi duela ere adierazi du oriotarrak, eta jakitun da denboraldi luzea izango dela, eta hilabete horietan guztietan "denetarik bizi" beharko dutela, jokalariek, klubeko arduradunek zein zaletuek. "Helburua argia da: partida guztietan lehiatzeko moduko taldea izatea eta jokalariek banaka nahiz talde gisa hazten jarraitzea", azaldu du entrenatzaileak.

Denboraldi aurrekoa prestatzen hasiak dira dagoeneko, baita lagunarteko partidak ere. Abuztuaren 21ean Tolosaren aurka ariko da Tolosan, eta biharamunean Ereintza hartuko du etxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide