Ricardo Zaldua: "Lehen, arraun egiteari uzten zenion momentuan uzten zenion kirola egiteari ere; orain, ez"

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 11

Ricardo Zaldua, moilan. (Onintza Lete Arrieta)

Hogei estropada jokatu ditu aurtengo denboraldian Badok 13 beteranoen arraun taldeak, eta horietatik hemezortzi irabazi ditu. eAtlantic liga ere bereganatuta, pozarren da taldearen entrenatzailea. 

Badok 13 beteranoen arraun taldearen entrenatzailea da Ricardo Zaldua (Orio, 1964), eta taldean arraun ere egiten du. 1984an hartu zituen aurrenekoz arraunak Zarautzen, eta hogei urtez aritu zen: Zarauztik Getariara joan zen, eta Getaria-Zumaian ere ibili zen. Beste hainbat kirol praktikatu ondoren, arraunera bueltatu zen beteranoekin orain zazpi urte, eta azken biak entrenatzaile ere badabil, Juan Angel Garmendia Xarpas-i lekukoa hartuta.

Liga amaitu duzue, sekulako denboraldia eginda. Gustura egongo zarete.

Denboraldia ikusgarria izan da, bai. Hogei estropada jokatu ditugu guztira, eta hemezortzi irabazi ditugu. Liga aurretik lau jaitsiera jokatu genituen eta laurak irabazi genituen; horietan bi bandera zeuden, eta biak lortu genituen, beraz. Ligan hamabi estropada izan dira, talde bakoitzak bat antolatzen duelako, eta horiek guztiak irabazi ditugu, aurrenekoa izan ezik. Txapelketei dagokienez, Gipuzkoakoa eta Euskadikoa irabazi genituen, baina Espainiakoan galiziarrak gailendu ziren. Irabaztera joan ginen, baina konturatu gara Galizian pauso oso garrantzitsuak eman dituztela beteranoek hango ligan. Egun askotan entrenatzen dute, maila ikaragarria daukate eta oso serio ari dira. Beste kontu bat da taldeak zenbat aguantatu dezakeen nibel horretan. 

Baina helburuak bete dituzue. 

Bai, bai, gu pozarren gaude egin dugun denboraldiarekin. Hainbat helburu genituen eta planteamendu zehatz bat. Astean bitan entrenatzen dugu, astearte eta ostegunetan, eta larunbatetan arraun egiten dugu. Horrez gain, banaka, gutxienez astean bitan entrenatzen dugu ergometroan, pisuarekin... Helburuak aise bete ditugu. 

Badok 13n bi talde zarete.

Bai. 45 eta 65 urte arteko 30 arraunlari eta hiru patroi gara, 33 lagun, guztira. Bi talde uretaratzen ditugu, bat definituagoa da, eta hor gabiltzan guztiak arraunean ibiliak gara. eAtlantic ligan gabiltza A taldea, eta talde horren helburua irabaztea da. Hamasei-hamazazpi arraunlari ditugu eta txandakatzeko aukera ematen digu, denek dutelako lehiatzeko maila; eta B taldean beste hainbat arraunlari ditugu. Lehen banderak irabazten genituen hor ere, baina azken urteetan arraun talde batzuen A taldeak iritsi dira, eta B-n aritzeko maila oso altua dutenez, zailagoa da guretzat. 

Talde mistoak dira zuenak, baita A taldea ere. 

Bai. A taldean, esaterako, Gentzane Allendek estropada asko jokatu ditu ligan, eta Amaia Aramendi ere gurekin lehiatzen da. 

Talde guztietan dabiltza emakumeak?

Ez. A ligan talde gehienak gizonezkoenak dira, baina talde batzuek badituzte emakumeak: Getxok, Sestaok, Iberiak eta Zumaiak, esaterako. Kopuruz, Zumaiak ditu emakume gehien A traineruan. Gutxienez bi-hiru emakumek beti egiten dute arraun. 

Hirugarren izan dira ligan zumaiarrak, zuen eta Fortunaren atzetik.

Bai, eta gainera, Zumaia bigarren postuan egon da ligako azken bi jardunaldietara arte. Puntu gutxigatik hartu dio aurre Fortunak. 

Nolakoa da eAtlantic liga?

Duela hemezortzi urte sortu zuten, eta bilakaera handia izan du, hasieran aisialdi kutsu handiagoa baitzuen. Azken urteetan, ordea, asko hazi da, eta gaur egun, beteranoen kirola ez da soilik jarduera fisiko pixka bat egitea. A eta B ligak ditugu, eta A liga lehiakorra da oso. Ondo konpontzen gara denok eta estropadak amaitutakoan elkartu egiten gara, txandaka talde bakoitzak hamaiketakoa prestatzen duelako. Hori ez da galdu nahi izan, mantendu egin dugu. Baina ligari dagokionez, beste edozein mailatako ligak bezalakoa da. Arraunlari izandako gero eta kirolari gehiagok parte hartzen dute, gainera. Hamabi ontziko liga daukagu, eta B ligan daude beteranoen ligara iristen diren talde berriak eta B traineruak; 11 dira, guztira. 

Ligan hainbat lurraldetako taldeak daude. 

Hala da. Bederatzi bizkaitarrak dira, bi kantabriakoak dira, lau gipuzkoarrak gara, eta Iparraldeko talde bat ere badaukagu. Indarra ematen digu hainbeste lurraldetako traineruak izateak. Era berean, konplexua ere bada, 23 traineru elkartzen garelako astebururo, 350 lagun. Baina balioa eta indarra hartzen ari dira beteranoen kirolak, eta ona da hori. Jendeak gero eta gehiago baloratzen du fisikoki forman egotea. Lehen, arraun egiteari uzten zenion momentuan uzten zenion kirola egiteari ere. Orain, ez. 

Taldean ere ez zarete denok oriotarrak. 

Ez. Zarauztarrak, zumaiarrak, getariarrak eta donostiarrak ere baditugu. Ondarroa eta Lekeitio aldekoren bat ere badugu. Baina sei urte atzera begiratzen badugu, orduko hiru-lau arraunlarik bakarrik jarraitzen dugu.  Errotazio handia egon da. Dena den, klub guztietan gertatzen da hori, baita elitekoetan ere, sei urte atzera begiratzen baduzu. Inportanteena da urtetik urtera blokeak mantentzen joatea, eta hori lortu dugu. 

Zeu elkarteko ia postu guztietan aritu zara. 

Bai. Arraunean hasi nintzen, zuzendaritza taldean ere ibili naiz, eta orain entrenatzaile ere bai. Nirekin batera talde teknikoa dago, hor daude Iñaki Beraza, Jokin Amilibia, Iñigo Arruti Txabola eta Garbiñe Arruti, besteak beste. Prestaketa fisikoa, esaterako, Berazak planteatzen du, lizentziatua baita kirol hezkuntzan. Denon artean planifikatzen dugu denboraldia, eta primeran moldatzen gara. 

Badok 13k zer moduzko harrera du herrian?

Oso gustura gaude Orion, bai udalarekin, bai Orio Arraunketa Elkartearekin eta haren zuzendaritzarekin. Beti zoriontzen gaituzte. Zaleak ere etortzen dira estropadak ikustera. Noski, herrian ez digute harrerarik egiten, eta normala da, beteranoak garelako. Baina uste dut denborarekin iritsiko dela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide