Jose Luis Segurola 'Txoko': "Denboran atzera egingo banu, berriz modu berean jokatuko nukeen"

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 4a

Jose Luis Segurola 'Txoko' atzo, Donostian. (Onintza Lete Arrieta)

Herenegun, abuztuaren 2an, 58 urte bete ziren ETAk Meliton Manzanas Gipuzkoako Brigada Politiko-Sozialeko burua hil zuela. Euskal gizarte osoak zekien torturatzailea zela; hil zuten egunean bertan jipoitu zuen Jose Luis Segurola Txoko. Urte asko igaro diren arren, oriotarrak ondo gogoan du Manzanas. 

Ia sei hamarkada igaro dira ETAk Meliton Manzanas polizia hil zuenetik. 1968ko abuztuaren 2an hil zuen tiroz, Irunen (Gipuzkoa); herenegun bete ziren 58 urte. Euskal Herrian ezaguna zen Gipuzkoako Brigada Politiko-Sozialeko inspektorea. Torturatzaile fama zuen, eta hil zuten egunean bertan ere tratu txarrak eman zizkion atxilotuta zeukaten gizon bati: Jose Luis Segurola Txoko oriotarrari. 

Ondo gogoan du egun hura Segurolak. "Ni oso gogorra nintzen", esan du: "Ez nuen hitz egin, ezta inor salatu ere". 81 urte ditu egun, eta gogor segitzen du, Amara Berriko komisarian pasatutako ordu latzez hitz egiten duenean. "Meliton Manzanas koldar hutsa zen, ez zitzaion gustatzen presoek begietara begiratzerik, hain zuzen ere, horrexegatik, koldarra zelako", esan du, zorrotz.

Donostiako Alde Zaharrean atxilotu, eta komisariara eraman zuten Txoko. Galdeketa egiten hasi zitzaizkion poliziak, eta denbora batera, Meliton Manzanas sartu zela gelan kontatu du. "'Hombre, Txokolate de los cojones', esan zidan ikusi orduko. Bazuela nire aurpegia ikusteko gogoa esan zidan. Hiruzpalau polizia zituen berarekin, eta sekulako jipoia eman zidaten; ez dut sekula ahaztuko".

Segurola, atzo, Donostian. (Onintza Lete Arrieta)

Ordurako, lagun batek esana zion noizbait Manzanasekin topo egiten bazuen inolaz ere ez begiratzeko begietara. "Amorru handia sentitzen nuen jipoitzen ari zitzaizkidan une hartan, eta lagunak esandakoarekin gogoratu nintzen arren, begiratu egin nion. Altxatu, nigana etorri, eta dinbi-danba jo ninduen: 'La ultima vez que me miras a los ojos', esan zidan koldar hark". Ostikoak eman zizkiotela gogoratu du, eta lurrean bueltaka ibili zela. "Baina ni ere burugogorra izan, oriotarra, eta isilik egon nintzen, ez nuen inor salatu". Halako batean leiho baten aurrera eraman zuten, eta han, mehatxua: "Leihoa zabaldu zuten, bigarren solairuan ginen, eta Manzanasek esan zidan hitz egiten ez banuen leihotik salto egingo nuela; ez nindutela beraiek botako, neuk salto egingo nuela. Beldurtzeko esan zidatela pentsatu nuen, eta kasurik ez nien egin". 

Oso gogor kolpatzen jarraitu zutela azaldu du, eta sufrimendu gehien hatzekin eragin ziotela, belarri azpiko puntu batean sartuta. "Kristoren mina ematen du horrek", zehaztu du. Manzanasen azken hitzak ere gogoan ditu: "Zutitu, etorri eta sekulakoa eman zidan. Eta zera esan zidan: 'Ahora no has hablado, pero a la tarde, cuando venga, ya hablaras'. Handik ziegara eraman ninduten". 

Damurik ez

Ziegan orduak pasatu ahala, inor ez zela bere bila joatean konturatu zen Segurola. "Eta ni pozik", esan du. Halako batean oin hotsak entzun zituen, ordea. 'Hemen dek', pentsatu nuen neure artean, eta hormaren kontra jarri nintzen". Han ez zegoen Manzanas inspektoreburua, ordea. Oriotarrak poliziei galdetu zien nagusiak ez al zuen joan behar, eta jo egin zuten berriro: "Jo eta jo ari zirela, halako batean, nire lagunek hil egin zutela esan zidaten". Segurolak, baina, gezurretan ari zirela pentsatu zuen. "Jotzen jarraitu zuten, eta odol ugari galdu nuen, baina ez ninduten beldurtu", gogoratu du. "Akordatzearekin bakarrik amorratu egiten naiz", gaineratu du, tinko. Halako batean, konturatu zen benetan ari zirela poliziak, torturatzailea hil egin zutela.

Donostiatik Gasteizko komisariara eraman zuten atxilotuta, handik Logroñora (Espainia), eta azkenik, Madrilera, Caravanchelgo espetxera. Ondoren, Jaengo (Espainia) espetxera lekualdatu zuten. Bizpahiru urte egin zituen guztira kartzelan, aske utzi eta Donostiara itzuli zen arte. 

Atzera begira jarrita, Segurolak azpimarratu du "garai gogorrak" izan zirela haiek, eta "sarri" gogoratzen bada ere, batzuetan dena ahaztu nahi izaten duela. Hori bai, argi esan du "ezeren damurik ez" duela. "Denboran atzera egingo banu, berriz modu berean jokatuko nukeen", adierazi du. Izan ere, haren ustez, derrigorrezkoa zen frankismoaren aurrean mugitzea.

Segurolak dioenez, bere familia ere oso abertzalea zen, eta berak abertzaletasun hori jaso zuen umetatik. "Gure ama Azpeitiko Egibar baserrikoa zen, eta haren aita, gure attitte, oso abertzalea, baserritarren elkarteko presidentea zen; etxean ikurrinak-eta gordetzen zituen. Gure amak hori ikasi zuen aitarengantik, eta nik ere bai amarengandik", esan du, harro. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide