Galesko hizkuntzaren eta kulturaren aldeko jaialdia eta ibilaldia egingo dituzte Orion

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 30a

Euskal Cymruko kideak Llandysul herrian, Galesera egindako lehen bisitan. Argazkiko lagun asko abuztuan Orion izango omen dira. (Euskal Cymru)

Abuztuaren 26an eta 27an hainbat jarduera egingo dituzte Herriko Plazan Euskal Cymru elkarteak antolatuta. "Hizkuntza gutxituak maite" dituzten "lagun kristau euskaldunak eta galestarrak" dira. 

Galesko Kulturaren Jaialdia eta Europako Hizkuntza Gutxituen Aldeko Ibilaldia egingo dituzte Orion abuztuaren 26an eta 27an. Aurreneko egunean galestarren kultura gerturatuko dute herrira. 19:00etan izango da ekitaldia Herriko Plazan, eta hainbat jarduera iragarri dute: hango musikak girotuta, Galesko jakiak "bizilagunekin doan partekatzeko" aukera egongo da, eta mahaia ere jarriko dute herri horren kulturari eta historiari buruzko informazioarekin. Haurrentzat jokoak eta arte ekintzak ere iragarri dituzte, baita "hitzaldi labur bat" ere gales hizkuntzari buruz, zehazki, "bere oztopo eta erronkei buruz".

Hurrengo egunean, berriz, Europako Hizkuntza Gutxituen Aldeko Ibilaldia egingo dute. Hitzordua toki eta ordu berean izango da, alegia, 19:00etan  Herriko Plazan elkartuko dira, eta oinez joango dira Antilla hondartzako itsas pasealekuraino. Handik Herriko Plazara itzuliko dira. Ibilaldian, Europan hizkuntza gutxituak dituzten herrietako banderak eramango dituzte. Ibilaldia amaitu ondoren, hizkuntza gutxituei buruzko agiri bat irakurriko dute, eta ondoren, galestarren taldeko kide bat elkarrizketatuko dute. Azaldu dute galestar horrek espetxean igaro behar izan zuela gau bat gales hizkuntzaren aldeko protesta baketsu batean parte hartzeagatik.

Bertsoak, olerkiak eta musika ere egongo dira ekitaldi horren barruan.

Galestarrak euskarara gerturatzen

Galesko herritar talde bat Orion izango da egun horietan, eta euskarara gerturatzeko aprobetxatuko dute bisita. Euskal Herrira etorri aurretik, online euskarazko bi saio jasoko dituzte Bilboko irakasle baten eskutik, eta Orion bertan beste bi saio emango dizkiete. 

Horrez gain, antolatzaileek esan dute Orioko euskaldunei elkarrizketak egin nahi dizkietela euskal kulturari, euskarari eta bere erronkei buruz gehiago jakiteko.

Helburuak eta antolatzaileak

Antolatu dituzten ekintzen helburuei dagokienez, lau zerrendatu dituzte: lehenik, Europako beste hizkuntza gutxituak ezagutaraztea; bigarrenik, hizkuntza horien arazoei eta erronkei buruz kontzientziatzea; hirugarrenik, beren testuinguruetan jasaten dituzten bidegabekeriak salatzea; eta, laugarrenik, hizkuntza horiei eta beren herriei balioa ematea. 

Euskal Cymru elkarteak antolatu ditu bi jarduerak. "Lagun kristau euskaldunak (Orio) eta galestarrak (Llandysul) gara, hizkuntza gutxituak maite ditugunak,  eta herriari pasio hau ezagutarazi nahi diogu", kontatu dute. "Gure herriaren bihotzeko hizkuntzaren alde lan egiten dugun bi eliza ere bagara".

7. Kalea, esaterako, euskaraz bizi den kristau komunitate bat da, "zabalik guztiontzat". Topaketak euskaraz egiten dituen "lehendabiziko eliza" dela azpimarratu dute, "katoliko erromatarra izan gabe". Galeskoa, Ffynon eliza komunitate protestantea da, eta haiek ere topaketak gales hizkuntzan egiten ditu. "Bi herrien antzeko egoeren aurrean, fedeak eta bizimoduak ez ezik, gure herrietako hizkuntzarekiko maitasunak ere batzen gaitu", azaldu dute. Horregatik antolatu dute jarduera hau elkarrekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide