Iritsi da Gure Zirkua Oriora

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 28a

Gure Zirkuko karpa dagoeneko muntatuta, Mendibeltz alboko berdegunean. (Onintza Lete Arrieta)

Larunbat honetan zabalduko ditu ateak Gure Zirkuak, eta abuztuaren 22ra arte, 13 emanaldi eskainiko dituzte guztira, ostiraletik igandera. Sarrerak dagoeneko eskuragai dira interneten.

Iritsi da Gure Zirkua Oriora. Uda honetan ere Iker Galartzak eta Joseba Usabiagak gidatutako ikuskizunez gozatzeko aukera izango da Mendibeltz futbol zelaiaren alboan jarritako karpan. Hain zuzen ere, abuztuaren 1etik 22ra eskainiko dituzte emanaldiak bertan. 

Sarrerak online erosi beharko dira, eta dagoeneko eskuragarri dira, 15 euroan. Guztira hamahiru emanaldi egingo dituzte: abuztuaren 1ean, 7an, 8an, 14an, 15ean eta 21ean, 19:00etan izango dira saioak; abuztuaren 22an, aldiz, 12:00etan izango da; eta abuztuaren 2an, 9an eta 16an, berriz, goizez nahiz arratsaldez eskainiko dituzte emanaldiak.

Gure Zirkuaren egonaldia aprobetxatuz, Orioko Udalak pare bat jarduera ere programatu ditu karparen barruan. Alde batetik, Jon Plazaolak AA Aita bakarrizketa eskainiko du abuztuaren 6an, ostegunarekin, 20:00etan. Sarrerak salgai dira Turismo Bulegoan 10 euroan, eta herritar bakoitzak gehienez 4 sarrera erosi ahal izango ditu. Bestalde, haurrentzako Azerik eta erbik basoa salbatzen dute filma proiektatuko dute abuztuaren 20an, ostegunarekin, baita karpa barruan ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide