Gazte Festarik ez da izango aurten ere Orion

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 26a

Orain urte batzuetako Gazte Festetako une bat, Etxeluzeren kanpoaldean.

"Herriko gazteen zati handi baten aldetik babes falta handia" sentitu dute antolatzaileek, eta autokritika egitearekin batera, gazteak ere hausnarketa egitera gonbidatu dituzte. 

Gazte Festen antolatzaileek oharra kaleratu dute herritarrei jakinarazteko aurten ere ez dela festa hori egingo. Eguna "berpizteko" asmotan hasi zen gazte talde bat lanean orain hilabete batzuk, baina esan dute denbora honetan antolatutako ekintzek ez dutela erantzunik izan, eta "babes falta handia" sentitu dutela "herriko gazteen zati handi baten aldetik". Gaineratu dute erantzun falta hori "herri honetan antolakuntzarako dagoen konpromiso faltaren erakusle bat gehiago" dela. 

Bestalde, autokritika egiteko beharra ere ikusi dute: "Ez dugu dimentsio honetako festak eskatzen zuen maila eman, eta ez dugu Gaztetxeak emandako konfiantzari erantzuten jakin izan, ezta antolakuntza egoki bat izaten ere". Gogoratu dute Gazte Festak Etxeluze gaztetxea okupatzeko helburuarekin sortu zirela, eta beraz, festa hauek ezin direla Gaztetxerik gabe ulertu. 

Hausnarketa horretan, alde positiborik ere aurkitu dute: "Azken hilabete hauetako bidea ez da alferrikakoa izan. Zer pentsatu eta zer ikasi eman digu, eta espero dugu herriko gazteei ere eman izana". 

Gaztetxearen aldeko mezua

Gazte Festen antolatzaileek kritika zehatza ere egin dute oharrean, herrian Gaztetxearekiko jarrera txarra dagoela uste baitute: "Azken urteetan herriak Gaztetxearen inguruan hartu duen jarrera diskriminatzailea ulertezina dela adierazi nahi dugu. Gaztetxea "gazteen etxea" delako eta ez "gazteen etsai". Aurten Gazte Festak egingo ez diren arren, Gazetxea babesteko beharra azpimarratu nahi dugu, azken finean, etxe hau baita festa hauen oinarri", esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide